Berriak

"Generoaren asimetria ondo egonkortuta dago jendartean; nekez desagertuko da"

Euskal literatura eta kulturari generotik nahiz gorputzetik behatu nahi izan zaie UEUk argitaratutako Gorputza eta generoa: teoria, didaktika eta esperientziak liburuan. Euskal kulturgintzan aritzen diren hamaika emakumeen esperientziatik abiatuta osatu dute liburua; Gema Lasarte UPV/EHUko irakaslea da horietako bat.

UEUn egindako hitzaldi bat izan zen liburu honen hazia. Zerk bultzatu zintuen proiektua handitu eta horren inguruko liburu bat koordinatzera?

Liburua lehenagotik abian zen, EHUrekin Gorputza eta generoa euskal kulturan eta literaturan (2012) argitaratu genuen, Emakundek emandako diru-laguntza bati esker. Beraz, abiaburua bazuen. Baina esparru teorikoari begira egina zegoen eta ikusi genuen oso interesagarria izango zela zabaltzea eta hortik etorri zen UEUn ikastaro bat antolatzearen ideia. Bi egunez gorputza eta generoaren inguruan aritu ginen. Egun horietan emakume nahikotxo aritu ginen gai horren inguruan eztabaidatzen, eta hortik loratu zen liburua.

Literaturatik hasi eta bertsolaritzara arte egiten duzue jauzi generoaz eta gorputzaz aritzeko. Generoaren problematikak kulturaren esparru guztiak hartzen ditu bere baitan? Zein zentzutan?

Generoak beti baldintzatzen du dena, batzuetan modu ageriagoan azaltzen da: bertsolaritzan edota musika gogorretan, kasu. Nekeza izaten da, egun, neskak gitarra elektrikoarekin oholtza gainean modu natural batean ikustea. Izan ere, generoaren asimetria jendartean ondo egonkortuta dago, eta nekez desagertuko da. Azken finean, kultura jendartearen soineko bat da, janzteko edo jendartearen nortasuna eranzteko modu bat. Mendebaldeko komunikabideak eta informazioaren teknologiak oraindik orain indarkeria sinbolikoaz zipriztinduak daude; hori deskodetzen ez den bitartean legeek edota hezkuntzak egin dezakeena atariko haizearen hurrena da. Kultura, azken finean, jendartearen nortasun agiria da.

Kulturari dagokionez, zein aurrerapauso eman dira genero ikuspegitik azkenaldian? Zeintzuk dira etorkizunerako erronkak?

Kulturaren esparru gehienetan emakumeak azaltzen ari dira subjektu gisa: literaturan, musikan, dantzan, bertsolaritzan, ... baina oraindik orain oso modu apalean. Argi dagoena da emakume subjektuak bere bideari ekin diola eta berak bihurtuko dituela erreferente emakumearen kezkak eta identitatea. Garrantzitsua da ohartzea emakumeek landutako eremu honetara gizonak hurbiltzen ari direla, baina oraindik orain desertu bat da. Horrez gain, edozein arlotan emakumeen izenak galdetzen direnean, nehork gutxik eman ditzake bi izen; aldiz, gizonezkoenak aise ematen dira. Oso ariketa sinplea da: jazzean ari diren bi emakume; bi zinema zuzendari… Gizarte honetan, kultura, berez, bada beste alor batzuekin alderatuta ahaide pobrea. Zer esanik ez, pobretasun horretan generoa atxikitzen badiogu are eta pobreagoa dela.

Liburuan teoriatik bizipenetaraino bidaia egiten duzue. Konta iezaguzu bizipen horien bizpahiru pasarte.

Iruditzen zait liburuan batez ere Uxue Alberdi bertsolariaren eta Itsaso Gutierrez On musika taldeko kidearen gorputzak azaltzen direla. Biek euren esperientziak kontatzen dituzte eta bi kapitulu hauek bereziki gustatzen zaizkit. Egia esan Miren Agur Meabek poesiari odola eta esnea jarri dio eta bere gorputza hain da ikusgarria liburuan bereziki sentitzen dela. Esaten da diskurtsoak burutik, bihotzetik edota erraietatik egin daitezkeela. Nago emakume idazleak erraietatik idazten ari direla eta gorputzaren presentzia izugarria dela. Irakurri berri ditudan hiru lan aipatuko nituzke: Ez da ezer gertatzen Ana Magalonena, Erraiak Danele Sarriugarterena eta Garazi Camioren Orube abandonatuak.

Aipatzen duzue xederik behinena irakaskuntzarako materiala biltzea dela. Ze gabezia ikusten diezu gaur egungo gazteei genero ikuspegiari dagokionez?

Badirudi diskurtsoa egina dagoela, dena egina dagoela. Baina gero, edozein ikerketa egiten denean, emaitzak oso kezkagarriak dira. Irakaskuntzari begira oso urria da irakasleriaren generoarekiko formakuntza, curriculumean ez dago integratua, eta testu liburuetan oraindik orain emakumeak ez dira agertzen. Beraz, hezkuntzan, benetan berdintasunean oinarritutako jendartea eraiki behar den lekuan, ez bada oinarritzat hartzen generoa, nola demonio lortu nahi dugu gizarte parekide bat? Ezinezkoa da. Eta hori gutxi balitz, emakumea objektu bezala azaltzen da komunikabideetan, eta ia inoiz subjektu bezala. Hezkuntza eta komunikabideak parez pare daude. Hezkuntza urrats sendoak ematen ari da gabezi handiak baditu ere, baina zer gertatzen ari da komunikabideetan?

Alde batetik, generoaren afera jorratzen duzue liburuan, eta, bestetik, arlo ezezagunago bat; gorputzarena. Sakondu ezazu ideia horretan, mesedez.

Gorputza munduan, espazioan, egoteko forma bat da eta harekin du harremana. Finean, emakumeok bizitzaren joanean gure gorputzetan idazten goaz gure bizipenak eta bizipen horiek denak inguruari lotuak daude: komunikabideei, objektu izateari, ikusezinak izateari. Gorputzek istorio oso bat dute kontatzeko. Forma eta memoria. Eta horrretarako Meri Torras, Jone Miren Hernandez, Mari Luz Esteban, Kattalin Miner, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Iratxe Retolaza eta Itsaso Gutierrez, Amaia Avarez  eta Maria Teresa Vizcarra elkartu gara. Kulturatik, bertsolaritzatik, narrazioetatik, poesiatik, gorputz heziketatik... Gorputzez eta gorputzaldiaz berdintasunaren diskurtsoari, esperientzien, nahiz teoriaren bidez termometroa jartzeko.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea