· UEUk urte asko daramatza testu ezberdinak argitaratzen. Zergatik osatu duzue orain protokolo hau? Zein izan da prozesua?
UEUk unibertsitate-liburuen argitalpengintzan egin duen lana aitzindaria eta eredugarria izan da. Oraindik unibertsitate ofizialetan euskaraz ezer irakasten ez zenean, UEUk ekin zion etorkizuneko unibertsitaterako materialak sortzea sustatu eta argitaratzeari. Gero, unibertsitate ofizialetan euskararen egoera aldatu denean, UEUk jarraitu du egitura txiki batekin produkzio handia bideratzen. Liburuen produkzioarekin batera, aldizkariena ere aipatu behar da; eta hor ere aitzindari-lana egin du UEUk Uztaro aldizkariarekin. Uztaro izan da aitzindaria, orobat, artikuluen ebaluazioari buruzko gogoeta egiten eta peer review (parekoen ebaluazioa) sistemarentzat protokolo zehatza antolatzen; gero, Euskal Herriko aldizkari batek baino gehiagok hartu du, goitik behera, Uztarok antolaturiko protokoloa beren ebaluazio-sistemarako. Eta ikusi dugu protokolo hori abiarazi genuenetik, Uztaro aldizkariak alde guztietatik irabazi duela: aurkezpen-txartel egokia lortu dugu, komunitate zientifikoak orohar onartzen dituen kalitate-adierazle gehienak betetzen ditugulako, eta, horri esker, hainbat zerrenda, aurkibide eta datu-basetan sartzea lortu dugu. Ondorioz, egileek ikusi dute Uztaron argitaratzeak baduela lehen ez zuen errekonozimendua (beti ere, jakina, hizkuntza txiki eta gutxituan idazteak duen mugen barruan), eta aldizkarira iristen diren artikuluen kopurua bikoiztea lortu da; horrek aukera eskaini digu argitaratzen dugunaren kalitatea lehen baino are gehiago zaintzeko. Unibertsitate-munduan mugimendu hau orokorra da, eta, aldizkarien ondoren, unibertsitateetako argitalpen-zerbitzuak hasi dira bide honetan urratsak ematen. UEUn ere, munduan unibertsitate-liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeek ekindako bidetik, eta Uztaroren esperientziarekin ikasi dugunari esker, ikusi dugu une egokia dela parekoen ebaluazio itsua bideratuko duen protokoloa abiarazteko.
· Zein da unibertsitate-mailako argitalpenen egoera? Eta UEUren papera?
Une honetan hain zuzen zalantza-giroa dago argitaletxe guztietan, ez bakarrik unibertsitate-liburuak argitaratzen ditugunen artean. Une batean ematen zuen paperari erabat gailenduko zitzaiola edizio digitala, baina ez dirudi bide horrek oraindik erabateko arrakasta lortu duenik. UEUk adi izan behar du orohar argitalpengintzan eta zehazki unibertsitate-liburuen argitalpengintzan gertatzen denarekin, eta gertu aldaketak onartzeko, aitzindari izateko prest, beti izan den moduan. Baina, aldi berean, urte luzeetan lortu duen aktiboa mantentzen jakin behar du, eta, une honetan, nire ustez, eutsi behar dio urtero hamar-hamabi unibertsitate-liburu berri argitaratzeko erronkari. Kontuan izan behar da zilegi izan litekeela hizkuntza handietan produkzioa salmentari begira egitea, baina gurea bezalako hizkuntza txiki baina asmo handiko batean, asko salduko ez diren liburuak ere sortu eta argitaratu behar dira, epe luzeko inbertsioa egiten ari garelako, gaurko eta biharko euskal unibertsitatearentzat.
· Testuliburuek ba al dute tokirik gaur egun?
Bai, zalantzarik gabe. Ona da unibertsitate-ikasleak, bere irakasleak ematen dion apunte-sortaz gain, edo irakasleak online plataforma batean antolatzen dion material multzoaz gain, testuliburu bat izatea. Beste kontu bat da ezin dugula pentsatu unibertsitateetan euskaraz irakasten duten irakasle guztiek testuliburuak idazteko gaitasuna, egokitasuna edo gogoa izango dutenik; eta are gutxiago urtero bat edo bi urtean behin bat. Eta jakintza-alor guztietan ere ez dira behar eta ohitura berdin-berdinak. Baina unibertsitateen egitekoa da, ahal den neurrian, produkzio hori sustatzea, gorago esan dudan moduan, ez bakarrik epe laburrera begira, baizik eta epe luzeko inbertsio moduan. Alde horretatik, esan behar da, nire ustez, UPV/EHUk asmatu duela testuliburuak euskaratzeko prozeduran eta inbertsio handia egin duela azken urteetan alor horretan, eta UEU erreferente nagusia dela euskaraz sorturiko unibertsitate-liburuen argitalpenean.
· Deialdia irekiko duzue. Nork aurkeztu dezake liburu-proiektu bat?
Unibertsitate-liburu bat euskaraz egin duen edo egin nahi duen oro aurkez daiteke deialdira. Deialdian liburu-proiektuak nahiz liburu amaituak aurkez daitezke. Uste dut inportantea dela zehaztapena, hain zuzen gero eta gehiago iristen zaizkigulako proiektuak, baina liburu amaituak ez dira hain ugari. Eta egileek jakin behar dute UEUk erantzun bizkorra eta homologatua emango diela eskariei. Deialdi honi esker, egileek zehazki jakingo dute beren eskariek onartze-prozesuan egingo duten bidea, eta, prozesuaren bukaeran, UEUn argitaratzen badute, peer review (parekoen arteko ebaluazioa) erako double-blind (itsua bi aldeetatik: ebaluatzaileak ez daki zeinen liburua ari den ebaluatzen, eta egileak ez daki zein diren ebaluatzaileak) ebaluazio-prozesua gainditu duela adieraziko duen oharra lortuko du liburuaren kredituen orrian. Ohar horrek balio erantsia emango dio liburuari: egileak eta irakurleak biek irabaziko dute, lehenak curriculumean errekonozimendu berariazkoa lortuko duelako, eta bigarrenak liburuaren edukiari buruzko bermea izango duelako. Eta espero dugu, Uztaron gertatu den bezala, onartze-prozesua protokolo argiaren bidez zehazteari esker, liburuen produkzioan ere hobekuntza ikustea urte gutxi barru.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio