Berriak

Rakel Gamito: “Unibertsitatearen gizarte-erantzukizunak komunitatearekin jarduteko betebeharra dakar”

“Ikaskuntza-Zerbitzua metodologian oinarritutako Gradu Amaierako Lanak garatzeko gida praktikoa” argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan. Rakel Gamito Gomez da gidaren egilea eta unibertsitateko irakasle zein ikasleentzako liburua da. Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Gamito eta UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea zein IkHezi ikerketa taldeko kidea. UEUko pedagogia sailburua ere bada.

 

Zer da ikaskuntza-zerbitzua metodologia?
Labur definituta, Ikaskuntza-Zerbitzua ikaskuntza curricularra eta zerbitzu komunitarioa konbinatzen eta integratzen dituen hezkuntza-proposamena edota -metodologia da. Helburua, beraz, bikoitza da: alde batetik, curriculumeko edukiak, balioak eta ikaskuntza-prozesuari buruzko gogoeta-zikloa lantzea eta, bestetik, testuinguru hurbileko gabezia sozial errealak asetzea edota hobetzea. Horrela, Ikaskuntza-Zerbitzuak ezagutza praktikoa eta garapen pertsonal zein soziala bultzatzen ditu.

Hobeto ulertzeko edo barneratzeko, Ikaskuntza-Zerbitzuko proiektu baten adibide bat eskaintzea da hoberena. Garun Paralisia duten pertsonen alde lan egiten duen ASPACE elkartearekin batera, identifikatu genuen bertako erabiltzaileek oso aukera gutxi zituztela teknologiarekin esperimentatzeko eta horrek, teknologiak gaur egungo testuinguruan duen presentzia eta garrantzia kontuan izanda, desberdintasunak sortzen zituela. Hortaz, Lehen Hezkuntzako Graduko ikasle batek robotika hezigarrian oinarritutako lantegi bat prestatu eta martxan jarri zuen, zerbitzu solidario gisa. Hasieratik, proiektua Lehen Hezkuntzako Graduaren amaieran ikasleek garatu beharreko konpetentziekin erabat lotuta egon da (ezagutza teoriko eta praktikoa erabiltzea, eskolatze-prozesua hobetzeko proiektuak diseinatzea, autonomia erakustea eta komunikazio-gaitasuna bermatzea) eta, zerbitzuari lotutako ikaskuntza-prozesuan zehar ikasleak horiek zein bestelako ikaskuntza pertsonalak eskuratzeko aukera izan du. Era berean, zerbitzua ASPACEko beharra edota garun paralisia duten pertsonen aukerak hobetzeko baliagarria izan da, momentu oro erabiltzaileen ezaugarriak eta ongizatea kontuan izan direlako. Horretarako, ikaslearen parte-hartze aktiboa eta esperientziazko ikaskuntzei buruzko hausnarketa ezinbesteko osagaiak izan dira. Proiektu honen xehetasun guztiak liburuaren amaierako ataletan aurkitu daitezke.

Zer Garapen Iraunkorreko Hezkuntza?
Garapen Iraunkorrerako Hezkuntza 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat egiten duen hezkuntza da. Ikuspegi holistikoa du eta eraldaketa bilatzen du, bai testuinguru eta bai ikaslearengan. Besteak beste, gaitasun kritikoa, aniztasunaren errespetua, giza eskubideekiko justizia konpromiso soziala, erabakiak hartzeko gaitasuna eta herritartasun aktiboa lantzen eta sustatzen ditu. Horregatik, Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzak erakundeen aldaketa eta prestakuntza-eskaintzetan eduki zein estrategia berriak bideratzea eskatzen du.

Unibertsitatearen gizarte erantzukizuna azpimarratzen da liburuan. Zein da gaur egungo egoera?
Unibertsitateak ingurumenarekin eta jendartearekin lotutako arazoak argitzen eta bideratzen paper garrantzitsua du eta bere inplikazioa eta erantzukizuna nahitaezkoak dira 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortu nahi badira. Horrela azpimarratzen da nazioarteko askotariko adierazpenetan eta erreferentzia egiten zaio unibertsitatearen berezko hiru espazioei: irakaskuntza, ikerkuntza eta bere politika instituzionala.

Neurri desberdinetan, mundu osoko unibertsitateak Garapen Iraunkorrerako Helburuetan ari dira lanean, baina eragina txikia izaten ari da goi-mailako hezkuntza-erakundeetan. Aldaketa sakonak beharrezkoak dira eta, horren aurrean, erresistentziak ugariak dira, maila ezberdinetan. Hau da, unibertsitatean gizarte erantzukizuna modu praktikoan bermatzeko bidea oraindik luzea da.

Zergatik oinarritu Gradu Amaierako lanak Ikaskuntza-Zerbitzua metodologian?
Unibertsitateko hezkuntza-proposamenak bizitzara eta haren gatazketara hurbiltzeko eta unibertsitateko ikasleak gizartea eraldatzeko gaitasuna dutela barneratzeko. Azken finean, unibertsitatearen gizarte-erantzukizunak komunitatearekin jarduteko betebeharra dakar; komunitatean dauden arazoak eta erronkak konponduz denok hobeto bizi ahal izateko eta hori da, zehazki, Ikaskuntza-Zerbitzuak bilatzen duena. Bestalde, Gradu Amaierako Lana unibertsitate-mailako graduko ikasketa ofizialetan egiten den bakarkako lana da eta momentu ezin hobea da esperientzian oinarritutako ikaskuntza-prozesu sakona bideratzeko eta Ikaskuntza-Zerbitzua aplikatzeko.

Onurak ugariak dira. Gradu Amaierako Lana garatzerakoan Ikaskuntza-Zerbitzuaz baliatzeak teoria praktikara transferitzeko elkarlan-testuinguruak sortzeko aukera ematen du, ikasleak etorkizunean modu profesionalean arituko diren lekuetan. Horrek, diziplinarteko ezagutza akademiko-profesionalez gain, pentsamendu kritiko eta hausnarketaren garapena ere badakar. Eta, horrela, Gradu Amaierako Lanak zentzua du, gaitasunei zentzu etikoa eransten zaielako eta eraldaketa sozialean laguntzen delako.

Liburua gida praktikoa da. Zer aurkituko dute bertan gradu amaierako lana egin behar dutenek?
Lehenengo bi kapituluetan, garapen iraunkorraren kontzeptualizazioa eta Ikaskuntza-Zerbitzuaren oinarri teorikoak azaltzen dira, epistemologikoki kokatzeko. Ostean, hirugarren eta laugarren kapituluetan, Ikaskuntza-Zerbitzuan oinarritutako Gradu Amaierako Lanak garatzeko hezkuntza-proposamena deskribatzen da, abiapuntuaren ikuspegia eta plangintza zehaztuz. Jarraian, bosgarren eta seigarren kapituluetan, kontu praktikoetan murgiltzeko aukera eskaintzen da; zerbitzuaren diseinua, esku-hartzaren jarraipena eta Gradu Amaierako Lanaren gidaritza akademikoa aurrera eramateko gidalerroak eta zenbait baliabide zehazten direlako. Eta, amaitzeko, zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren kapituluetan, zenbait proiektuen balorazioa eta horiei lotutako esperientzien bi adibide partekatzen dira.

Beraz, liburua unibertsitateko irakasleei zein ikasleei zuzenduta dago eta espero dugu hemendik aurrea irakurleek Gradu Amaierako Lanak eta Ikaskuntza-Zerbitzua batzearen erronkarekin bat egin duzuen beste askorekin topo egitea!

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea