Aldiri Arkitektura etabar UEUren aldizkariak hamar urte betetzen ditu urrian. Ula Iruretagoiena Busturia arkitektoak hasieratik parte hartu du proiektuan.
Nola gogoratzen duzu hasiera hori?
Proiektu hasiera gehienek duten osagai guztiekin gogoratzen dut: indarra eta ilusio partekatuarekin eta galdera, beldur eta ezjakintasun handiarekin. Erredakzio-kontseiluaren bilerak dentsoak eta luzeak gogoratzen ditut. Eztabaida-tarte mamitsuak izaten ziren, aldizkariaren monografia bakoitzaren helduleku ezberdinez jarduten ginen, artikulu bakoitzaren idazketa tonuaz, idazketaren egituraz, erreferentziez... Pentsamendu kritikorako txokoa bilakatu ziren bilera horiek, unibertsitatean aurkitu ez nuen hutsunea beteaz. Ibilbide akademiko eta pertsonalerako ikasketa-etapa paregabea. Denbora pasa ahala praktikoagoak bilakatu ginen, eta bilera asko aldizkaria aurrera eramateko zailtasunak partekatzeko erabiltzen genuen, aldizkariaren etorkizuna zein izan behar zuen behin eta berriz ezbaian jarriaz; baina funtsean gutxi aldatu da aldizkariaren egitura, indexazioaren bideak eskatu dituen aldaketak egin ditugu eta eramangarriagoa egiteko antolaketa eta maketazio eredu bat sortu.
10 urte hauetan zein izan da zure ustez Aldiriren papera?
Arkitektura eta arkitektura zeharkatzen duten bestelako gaien inguruko testuak euskaraz ekoiztu dituen leku izan da Aldiri; eta honekin batera, euskal ikertzaileentzako plataforma eta trebakuntzarako euskarri bat. Azpimarratuko nuke ere bai, euskal lurraldearen errealitatearekin harremanean diren gaiak plazaratu direla aldizkarian. Hau da, euskal arkitektura eta hirigintzari buruzko aldizkari bat dela, gaurkotasun eta interes sozial handiko gaiak eztabaidara ekarriaz. Idazle "kartera" sortu izan dugu; urte askotan aldizkaria elikatzen aritu diren idazleekin. Jarraikotasun hori oso esanguratsua da Aldiriren papera baloratzeko unean; komunitatetxo bat sortu duelako, eta hori ez da gutxi.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio