Arkitekto gazteen etorkizunaz eta beren ikasketez mintzatzen da Aldiri aldizkarian. Berrikuntza dakar, gainera; izan ere, aldizkariaren azken bi zenbakiak ale bakarrean kaleratu dituzte, ikasleen Karrera Amaierako Proiekturik (KAP) esanguratsuenak batu eta ezagutarazteko asmoz. Aldiri-ko Ula Iruretagoiena zuzendariak argitu dizkigu galdera eta zalantzak.
· Azken Aldiri aldizkariko edizioan bi zenbaki batera kaleratu dituzue. Ze asmorekin egin duzue?
Zenbaki bikoitz eta berezia lehen aldiz egin dugu, eta garai aldaketa bat adierazteko helburuarekin egin dugu. Alde batetik, arkitekturako ikasketetan aro aldaketa bat gertatuko delako Bologna planaren ezarketarekin batera datorren ikasturtean eta bestetik Aldiriko lantaldean zenbait aldaketa izan direnez etapa berri bati hasiera eman diogulako.
· Aldiriren azken edizioan arkitektura ikasle batzuen Karrera Amaierako Proiektuak (KAP) jaso dituzue. Ze ekarpen egin diezaiokete arkitekto gazteek sektoreari?
Arkitekto gazteak euskal arkitekturaren etorkizuna dira. Karrera Amaierako Proiektuak ez du normalean ekonomiaren muga aintzat hartzen eta proiektuaren zailtasuna beste alor batzuetan lantzen da (tokiaren baldintzak, erabilera programa nahastua...). Baina KAP ariketa baliotsua da erronka handia baita heldutasun arkitektonikoa lortzeko (eta baita erronka psikologikoa ere).
· Bologna Planarekin Gradu Amaierako Lana (GAL) aldatuko omen da. Ze aldaketa izango dituzte ikasleek aurrerantzean?
Bi arkitekto eredu sortuko dira Ikasketak bukatuta “arkitekto” titulua eskuratuko da baina lanak sinatzeko ahalmenik gabe. Horretarako masterra burutu behar da. Arkitektura munduan “sinadurak” erantzukizun zibila darama elkarrekin, egiletza aitortzaile izateaz aparte. Desberdintasun hau egungo lan-munduan jada existitzen da, eta arkitektoak burutu ditzakeen lan askok ez dute sinatzeko beharrik. Bi arkitekto-kategoria bezala uler daiteke, baina egia dena da, arkitektoaren etorkizuna ez dagoela eraikuntza alorrean soilik, eta sinadura batez ere egiteko horretarako behar da.
· Zer-nolako arazoak izaten dituzte arkitekto gazteek lan-munduan barneratzeko?
Garai batean ohikoa zen arkitekto gaztea esperientziadun arkitekto lantalde batean parte hartuz lan-munduaren lehen pausuak ematea, eta behin esperientzia lortuta, enpresa propioa sortzeko bidea egiten zuen maiz. Joera hau egun ez da posible, eraikitzeko behar eskasiagatik (zorionez). Zuzenean ibilbide propioa egin beharrean aurkitzen da, eta lehenik zein lan esparrutan murgildu nahi duen erabaki behar izaten du. Gogoeta hau ikasketak bukatu ostean hasten da, eta ez lehenago. Esango nuke gaurko arkitekto gazteen arazo nagusia zer-nola egin ez dakitela da.
· Nolakoa da, ga ur egun, arkitekto euskaldunen egoera? Euskarak badu tokirik?
Orain dela gutxi arte teknikoki euskaraz jantzitako arkitekto kopurua oso eskasa zen eta arkitektura mundua erdalduna izan dela baieztatu daiteke. Baina egoera hau iraultzen hasi daiteke laster, eta baliteke orduan arkitekturari buruz euskaraz hitzegiteko aukera izatea. Eraikuntzako arkitekturaren lengoai teknikoaren gainean lan handia egiteko dagoela iruditzen zait.
· KAPak arkitektura-estiloen eta uneko moden erakusleiho apartak izaten dira. Zein izango da hurrengo urteetako joera?
Espero dugu Karrera Amaierako Proiektuak arkitekturaren lan mundu zabalarekin harreman estuagoan izatea aurrerantzean. Arkitektoa ez da “etxebizitzak eraikitzeko gaitasuna duena”, orain arte ikasketak arkitekto eredu horretara zuzendua izan den arren. Ideia hori gailendu beharra dago, eta KAP horren agerbide izan beharko luke. Ikerketa teorikoak, lurralde mailako eraldaketa ereduak, parte hartze prozesuetarako metodologiak, arkitekturaren politikari buruzko hausnarketak, ekonomia eredu baterako arkitektura etab.... proposamen desberdin guztiak hauek arkitektura ikasketetan leku izan beharko lukete, gizartearen ispilu izateko. Arkitekturaren gaineko jakituria esparru askotan da baliagarri, eta ikasketak horretarako prestakuntza eskaini beharko lukete.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio