Hilabete honetan 10 urte beteko ditu Aldiri Arkitektura etabar UEUren hiruhilabetekariak. Unai Fernandez de Betoño Saenz de la Cuesta arkitektoa dugu sortzaileetako bat.
10 urte Aldiri adizkariak. Zein testuingurutan jaio zen?
Ibai Gandiagak eta biok euskarazko arkitektura aldizkari bat egin nahi genuen, paperezkoa, Interneteko blogetatik harago. Aldizkariaren ereduaz eztabaidatu ondoren, hiruhilabetekaria izatea adostu genuen, artikulu dibulgatiboak eta akademikoak nahastuko zituena, gai monografiko baten inguruan. Maketa bat egin genuen 2008ko urrian, eta Karmele Artetxe eta Xabier Isasirekin bildu ginen, Udako Euskal Unibertsitatearen babesa jasotzeko; baita lortu ere. Eskertzekoa da UEUk gure alde egin zuen apustua. Agurtzane Elguren eta Ula Iruretagoiena arkitektoekin batera, azkenean, 2009ko urrian Aldiriren 0. zenbakia kaleratu genuen, izenburu aski autobiografiko batekin: Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak. Zenbaki horretan Aldiriren hasierako taldearen muina osatuko zuten Kepa Iturralde, Maider Uriarte eta Ander Gortazar arkitektoek ere idatzi zuten. Aldiri talde-lanaren emaitza izan da hasieratik.
Zein zen helburua?
Euskarazko lehen arkitektura-aldizkaria egitea. Arkitekturaz aritzea, euskaraz, munduko beste hizkuntzetan egiten duten moduan. Garai hartan EHU itzulpenak egiten hasia zen (Muller eta Vogelen Arkitektura Atlasa, Paricioren Arkitekturaren eraikuntza, Sola-Moralesen Hiri-hazkunde motak), itzulpen onak eta beharrezkoak, baina guk euskarazko berezko sorkuntza bultzatu nahi genuen. Halaber, ez genuen soilik arkitekturaz modu ortodoxoan aritu nahi, beste hainbat aldizkariren moduan; bestelako gaiei ere tartea eskaini nahi genien: hirigintza, lurralde-antolamendua, artea, soziologia, ekologia, ekonomia... Ildo heterodoxo samar berean, zenbaki bakoitzean komiki bat ere sartzea erabaki genuen, hasierako urtetako Joseba Larratxe Josevisky arkitekto eta komikigilearen kolaborazioari esker.
Zer aldatu da urte hauetan guztietan?
Aldizkariaren formatua pixka bat akademikoagoa bihurtu da denborarekin. Horrekin lortu dugu Aldiri Dialnet, Latindex eta MIAR indize eta katalogo akademikoetan agertzea. Bide horretan sakonduz, unibertsitate-irakasle eta ikertzaile gazteentzat Aldirin idaztea mesedegarria izatea lortu nahiko genuke; akreditazioak-eta lortzeko Aldirin idaztea erabilgarria suertatzea. Euskarazko aldizkarien indexazio akademikoak kristalezko sabai bat ezarria duen arren, Uztaro aldizkariak egin duen bidea eta lortu duen aintzatespena dugu eredu. Aldiriko lantaldea ere berritu da denborarekin: Leire Milikua, Anartz Ormaza, Ianire de Andres, Ander Zangitu, Itsaso Larramendi eta beste arkitekto batzuk ere bildu dira proiektura, eta besteok bigarren maila batera pasa gara. Poztekoa da ordezkapena badagoela ikustea.
Zein da euskararen, euskarazko ikerkuntzaren osasuna arkitekturan?
Unibertsitate mailako arkitektura-irakaskuntza ia osorik euskaraz dagoen arren (eta ez da gutxi, ikusita zer egoeratik gatozen), esango nuke euskarazko arkitektura-ikerketa hutsaren hurrengoa dela oraindik. Doktorego-tesiren bat euskaraz egin da, bai, baina, oso oker ez banago, esku bateko hatzekin zenbatu daitezke guztira euskaraz egin diren arkitekturako tesiak. Artikulugintzan Aldiri dago soilik, nik dakidala. Eta euskarazko berezko liburugintzan, UEUren argitalpenak baino ez, salbuespenen bat kenduta. Udako Euskal Unibertsitatea, beraz, oasia da euskarazko ikerketa arkitektonikoaren basamortuan.
Zergatik egin Aldiriko bazkide?
Arkitekturarekiko eta haren inguruko gaiekiko interesagatik eta proiektuari babesa emateagatik.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio