Unai Vazquez Puente ikertzaile barakaldarrak “Munduari so. Zenbait gatazka eta prozesuren gakoak ulertzeko XXI. mendeko inperialismoaren analisia” liburua argitaratu du duela gutxi UEUrekin batera. Ezkerraldean ezagututako langile grebek eta, orokorrean, bertako egoera zailak, Gizarte Langintza ikastera bultzatu zuten. Halere, behin amaituta ez zen asebete eta Soziologia ikasketei ekin zien. Bitartean, Amerika Latinako hainbat herri ezagutu zituen Askapena erakunde internazionalistarekin batera. Militantzia horren ondorioz espetxeratu zuten 2010ean eta kartzelan ekin zien Ekonomia ikasketei -Entzutegi Nazionalak absolbitu berri ditu duela gutxi-. Halaber, behin-behineko askatasuna eskuratutakoan, Nazioarteko Ikasketen masterrari ekin zion. Gaur arte, orain, doktorego-tesia lantzen dabil mugaz gaindiko gizarte mugimenduak ikergai hartuta.
“Munduari so. Zenbait gatazka eta prozesuren gakoak ulertzeko XXI. mendeko inperialismoaren analisia” liburua argitaratu berri duzu; zer aurkituko du irakurleak bertan?
Izenburua nahiko deskriptiboa da. Askotan aipatzen dugu inperialismoa, hitz potolo gisa, baina askotan ez dakigu identifikatzen, deskribatzen. Antzera gertatzen da Globalizazioa edo Sistema hitzekin; lotura du denak, eta hortaz dihardu liburuak. Sarritan, badirudi beste garai bateko kontzeptuak direla; aitzitik, Estatuen zein herrien arteko eguneroko harremanetan dauden elementuak dira. Liburuak edukiz janzten du inperialismo hitza, gaurkotasunera eramanez. Modu teorikoan egiteaz gain, hainbat errealitatetara jotzen dugu, inperialismoak modu praktikoan zer eragin eta zer jokamolde dituen aztertzeko. Munduan dauden gatazkak zein prozesu nagusiak aztertzen ditugu: Europaren sorkuntza eta izaera inperialista; Ameriketako Estatu Batuen papera; Ekialde Ertaina bere osotasunean (honek duen aniztasun eta konplexutasunarekin) eta Palestinaren kasua partikularki; azkenik, Amerika Latinara jotzen dugu, berau, inperialismoaren kontrako borrokan eredu hartuta.
Norentzako idatzi duzu?
UEUrekin argitaratua dago. EHUn aritzen naiz irakasle eta ikertzaile, baina, hortaz gain, gizarte mugimenduetan ere aritzen naiz. Askapenan, edo GITE-IPESen (Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea), era berean, HEGOA-k duen “Gizarte Mugimendu eta Kooperazio Kritikoa” Ikerketa taldeko kidea ere banaiz. Beraz, akademiaz harago doan liburu bat da. Noski, Nazioarteko Harremanetako, Kazetaritzako, Zientzia Politikoetako edota Gizarte Zientzietako ikasleentzat da erabilgarri, baina helburua harago doa. Idazkera nahiko sinplea da; egileek, akademiaz gain, gizarte mugimenduekin zein bertako errealitateekin dute lotura, baita ohitura ere hitzaldiak unibertsitatetik kanpo emateko. Beraz, mundua, sistema, inperialismoaren hariak ulertzeko gogoa duen edozein pertsonentzat idatzia dago.
Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?
Liburua bera, nire ibilbidea bezala, unibertsitatea eta militantzia uztartzean jaiotzen da. Askapenak jardunaldi batzuk antolatu zituen aurreko urtean UEUko udako ikastaroen baitan, brigadistei eskaintzen zaien formakuntzaren testuinguruan. Bertan, munduak nola funtzionatzen duen ulertzeko gakoak ematen dira, baita prozesu nagusien lerro nagusiak. Urtero egiten dugun lana da, eta aspaldi ikusten genuen beharra hori dena sintetizatzeko, biltzeko, oinarri gisa, formakuntza tresna gisa, gako edo ideia nagusi horien gainean gertaera koiunturalak hobeto azaltzeko edo ulertu ahal izateko.
Inperialismoaz diharduzu, berau munduko gatazka nagusiak ulertzeko ardatz hartuta; zer harreman dago hor?
Komunikabideek egunero erakusten dizkigute gatazka ezberdinak, hildakoak, konfrontazioa, leherketak… baina gutxitan azaltzen digute horren atzean zer dagoen, nola sortzen diren. Txiien eta Sunien arteko liskarretaz hitz egiten dute, Errusiarzaleak ukraniar nazionalisten kontra, Bolivartarrak eta “opositore demokratak” edo estatubatuarzaleak, e.a.
Baina zer dago horren atzean? Potentzia handien esku-hartze eta interesak ez ahal daude hor? Zein dugu potentzia handiena egun? Zerk mugitzen du mundua? Baliabide natural anitz eta aunitz izateak zer dakar? Kokapen geoestrategikoak zer eragin du? Esku-hartze inperialista militarki soilik ematen ahal da? Zein boterek sostengatzen dute inperialismoa? Hartu-eman inperialista kanpotik dator beti? Galdera horiek guztiak eta beste asko erantzuten saiatzen gara liburuan, inperialismoaren ardatzak direlako, eta gatazken muinak, azken finean.
Era berean, gaur egungo munduaren funtzionamenduari so, globalizazioa eta kapitalismo neoliberala ere hartu dituzu hizpide. Horixe da legea, ezta? Salbuespenik eraiki dezakegu?
“Lege” horretan oinarritzen dira gaur egungo nazioarteko harremanak. Baina ez gara ari zientzia klasikoen legeetaz, gizarteak eraikitako legeez baizik. Hortaz, naturarenak ez bezala, gizarteak eraikitako legeak aldakorrak dira, klaseen arteko indar korrelazioen baitan daude. Lege eta indar korrelazio berrien adibideak ere baditugu, hor dago Amerika Latina eta gorabeherekin eraikitzen ari den XXI. mendeko sozialismoa edo “Buen Vivir” teoria praktikoa.
Gaur egun, munduaren ikuspuntua aldatu egin dela diozu liburuan, norbanakoaren eta kolektiboaren jokamoldea aldatzen ari dela; gero eta jendarte indibidualistagoa bizi dugula diogun garaian, kolektibotasuna indarra hartzen ari al da?
Munduaren ikuspuntua aldatu egin da erabat, aldatzen doa momentu oro. Talaia errotazio puntuan baldin badago, ikusten duguna ezberdina izango da beti; askotan, beraz, talaia bera aldatu behar da, edo behintzat ikusmira panoramikoa izan, “panoptikoa” inkluso. Hori esanda, ez nago ados orokortu den mezu santu horrekin, “gero eta jendarte indibidualistagoa bizi dugula”. Urteetan kapitalismo neoliberalak, patriarkalak, inperialismoaren bidez, estratifikatu gaitu, banatu, zatitu, indibidualizatu… baina sistema hau krisi larrian dabil, eta gizartea ari da sistema honen atzaparretatik askatzen. Gauza txikiekin bada ere, indibidualismotik ihesi ari gara momentu honetan, gero eta esperientzia kolektibo gehiago daude. Mundu mailan gero eta nazioarteko erakunde gehiago daude, horietariko batzuk ikuspuntu sozialista nabarmenarekin: ALBA, besteak beste. Lehen aipatu bezala, kolektibitate grina duten teoria berriak sortzen ari dira, “Buen Vivir” delakoa. Eta gizartea gero eta antolatuago dago; gizarte mugimenduak eta mobilizazioa ardatz izanda, bai herrialde aberastuetan zein txirotuetan. Europatik Ekialde Hurbileraino, emaitzak ezberdinak izan badira ere.
Baita geurean ere, Euskal Herrian?
Zalantzarik gabe. Esan bezala, gauza sinbolikoetan ikusten da bakarrik, baina seinaleak daude. Kolektibitateak Euskal Herrian beti izan du garrantzia handia, auzolanetik hasita eta kooperatibetaraino. Txoko edo elkartetik gaztetxeraino. Momentu politiko koiunturalen gainetik kolektibitatea gure DNAn dagoen zerbait da, baina noski, politikoki landu beharreko zerbait ere bada. Helburu hori badu liburuak ere, kolektibitatearen beharra azpimarratzea, herri borrokak inperialismoa garaitu ahal duela, eta horrela eman dela eta ematen ari dela hainbatetan.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio