Berriak

Uxue Fernandez: “Jokoaren alderdi soziala beste hainbat eremutako gogo eta helburuekin elkarlotuta doa pilotariengan”

Egunera arte gizonezkoen kirol bezala ulertu den Pilota munduan, emakumeek zer-nolako errealitatea bizi duten aztertu du Uxue Fernandez Lasa pilotari ohiak Uztaro aldizkarian. Emakume pilotariak: gure taldea, gure ordua ikerketan, alde teorikoa ez ezik, alde praktikoa aztertu dute.

· Zergatik aukeratu duzue gai hau ikertzeko?

Ikerketa honen oinarrian bi arrazoi nagusi leudeke. Batetik, nire pilotari (egun pilotari ohi) izaera eta gaiarekiko gertutasun eta sentiberatasuna. Bestetik, aldiz, emakume pilotariekin zuzeneko hartu-emanetan, Emakumea Pilotari egitasmoaren baitan, jokalari, entrenatzaile nahiz kudeatzaile lez egindako urteetan ikusi, entzun eta bizitako zenbait egoeren atzean zer ote zegoen eta zertan oinarritzen ote zen jakiteko gogo eta grina. Sortutako hainbat galderaren eta egoeraren zergatiei erantzuna bilatzeko beharra, azken batean. Beraz, horrek eraginda erabaki genuen emakume pilotariak eta hauen testuingurua hartzea ikergai, besteak beste, oso lan gutxi aurkitu genituelako eremu honetan eta are gutxiago ikerketaren esparrukoak.

 · Emakume pilotariak: gure taldea, gure ordua ikerketan diozue emakume pilotarientzat talde-sentimenduak berebiziko garrantzia daukala. Ze fenomeno ematen da horretarako?

 Taldeko partaide izan, elkarrekin komunitate edo multzo bereko kide sentitu, pilotalekuko jardueran zehar interes komunak partekatu zein eroso bezain gustura sentitzea eta gainerako pilotariekin lotura positibo eta erakargarriak sortzeak eragin dezake zenbait pilotariren kasuan jarduerarekiko atxikimendua sortzea ala, kontrara, berau egiteari uztea. Beraz, jarduera egiteko arrazoi nagusi eta lehentasun bihur liteke zenbaiten kasuan taldekideenganako atxikimendu hori bera. Beste zenbait ikerlarik ere berretsi izan dute emakumeen artean harremanak jarduteko nahitaezko faktore direla.

Talde-izaera eta giro hori, ordea, urratsez urrats sortu eta eraikitzen da, prozesu bat eman behar da horretarako. Bide horretan hasierako ezagutza fase baten ostean, non norbere ezaugarri eta nondik norakoak taldekideen artean ezagun egiten diren, loturak sendotu egiten dira, elkarren arteko ezberdintasunak eta aniztasuna errespetatuz betiere, elkarrenganako trukeak ugaritu eta sendotuz, lehendabizi pilotalekuko jardunean edo ikastaroetako asteroko saioetan bertan, adibidez, solasaldi eta adar jotzeen bidez, eta baita noizean behinka hortik kanpoko ekintzaren baterako okasioren bat sortzen bada ere, besteak beste, herriko paleta txapelketan bikotea osatzeko taldeko beste norbaitengana joz. Taldeko kide sentitzen direnek pilotalekuko hormak gaindi ditzakete eta hortik kanpo ere aurrez mantentzen ez zuten hartu-eman bat sor daiteke zenbait kasutan partekatzen dituzten beste esparru edo interesgune batzuk aurkitzeari esker, gure ikerketaren emaitzetan sakonago agertu dugun bezala.             

· Indartsuagoa da emakumeek duten talde-sentimendua gizonena baino? Zergatik areagotzen da?

Gure ikerlanean emakume pilotariak izan dira aztergai, ez, ordea, gizonak, beraz, ez daukagu mota horretako alderaketa eta baieztapenik egiterik. Emakumeen kasuan hainbat ikerlanetan ondorioztatu eta berretsi da talde izaera edo sentimendua eta harreman sozialak oso garrantzitsuak direla jarduera fisiko zein kiroletan aritzeko eta zenbat eta truke aberats eta positiboagoak lortu jarduera egiten jarraitu eta gustura sentitzeko aukerak hazi egiten direla, aisialdiko jarduera horiek gozamen iturri bihurtuz.

 · Nolakoa izaten da prozesua Nitik Gura igarotzeko? Zein puntura arte sortzen dira babes-loturak?

Ni-tik gu-ra igarotzeak esan nahi du norbere interesak eta nahiak bigarren mailan uztea eta taldearenak lehenestea. Hau da, talde-kohesioari esker denek egitea euren ahalegina taldearen funtzionamendua eta bertako giroa ahalik eta onenak izan daitezen. Babes-lotura horiek sortzeko ezinbestekoa da konfiantza maila bat lortzea eta horretan espazio zein denborak partekatzeak laguntzen du, ongi pasatuz eta sentituz gainerako pilotariekin.

Babes-loturak oso neurri ezberdinetakoak izan daitezke, baina gutxieneko maila batera helduko ez balira oso zaila izango litzateke talde giroa eta sentimendua sortu eta mantendu ahal izatea, hurbiltasun keinuak oinarrian baitaude. Hortik aurrera, berriz, pilotari bakoitzaren ezaugarrien eta nahien araberakoa izan liteke. Adibidez, gerta liteke emakume baten kideenganako atxikimendua asteroko pilotako jarduneko giro on eta atseginetik askoz harago ez joatea, baina beste zenbaitetan, berriz, elkarrekin bertatik kanpora elkar daitezke pilotan aritzeko, otorduren baterako edo elkarrekin interesgune bera dutela ohartu eta beste planen bat osatzeko.

· Ikerketan diozue, kasu batzuetan, kiroletik kanpoko lagun-taldeak sortzen direla. Ze irakurketa egin daiteke gertakari horretatik?

Pilotako jarduera abiapuntu izanik jende berria ezagutu eta horrekin egon eta antzeko interesak partekatzearen ondorio da zuzenean pilotako jarduerekin loturik ez dauden beste zenbait egoeratan kide horiekin elkartzea. Gainera, kontuan hartu behar da talde horretan elkartzeak ere ondorio positiboak izango dituela hurrengo pilotaren baitako hartu-emanetan ere, elkarrekikotasuna sendotu eta sakontzeko bidea ematen dutelako halako trukeek. Ondorioz, pilotalekuetako jarduna izan daiteke aisialdiarekin loturiko beste edozein esparrutan bezala jende berria ezagutu eta horiekin batzeko nahia sortzeko beste bizitzako esparru bat. 

· Emakumeek kirolean parte hartzeko, harremanak nahitaezkoak direla ondorioztatu duzue. Gizonen kasuan ez da horrela gertatzen?

Guk aztertutako testuinguruan aisialdiko eskaintzako saio gidatuak eta ikastaro antolatuak emakumeentzat soilik dira. Gizonak, ordea, ez dira modu horretan entrenatzaile eta ordutegi zehaztu batean elkartzen paletan aritzeko, erakunde baten laguntzaz. Estrukturalismotik, kirol egitura duen pilota partida edo txapelketa egituratu bat izan, hori da gizonezkoei federazioek egiten dieten eskaintza, edo jarduera fisikoko aisialdiko jarduera bat izan ezberdina da oso, saioetako helburuak, antolaketa eta egiturak ez baitira berdinak. Oso testuinguru ezberdinak dira gizonezko federatuena eta aisialdiko emakume pilotarena, ez alderagarriak. Batean nahitaezkoa da lehiakortasunera bideratzea jarduna eta bestean, aldiz, parte-hartzean jartzen da foku nagusia. Hori hala izan arren, ordea, gizonezkoekin ikerketa bat egin beharko litzateke benetan harremanen munduan zer nolako loturak ematen diren ikertzeko. Hori egin ezean ezingo genuke halako baieztapenik egin.

· Emakumeen kasuan, jokoaren alderdi sozialak garrantzia handiagoa izaten du jokoak berak baino?

Talde harremanak sortu eta sustatzeak ez du esan nahi jokoak garrantzirik ez duenik. Aintzat hartu behar da pilotan egiteko elkartzen direla emakumeak pilotalekuan, hasteko. Beraz, jokorik ez balego gainerako guztia ez litzateke gertatuko pilotalekuan eta aisialdiko emakume pilotarien artean bederen. Abiapuntua hori izan arren, ordea, egia da jokoan bertan gauza ezberdinak landu litezkeela eta talde giroak lagun dezakeela garrantzia edo indarra non jarri erabakitzen. Ildo horretan ulertu behar da saioetan jokatzen dituzten partiden emaitzak horretan uztea edo partida batean akaso markagailua zehatz-mehatz ez kontatzea, edo baita teknikari lehiara bideraturiko eremuetan baino garrantzia txikiagoa ematea, baina horrek ez du esan nahi pilotakadetan kale egitea edo hobekuntzarik ez izatea berdin zaienik emakume pilotariei. Jokoaren alderdi soziala beste hainbat eremutako gogo eta helburuekin elkarlotuta doa pilotariengan: ongi pasatzea, osasuna zaintzea, jende berria ezagutzea, egunerokotasunetik aldentzea,…

 · Ze ondorio ateratzen dituzue ikerketa honetatik?

Ondorio nagusia da aisialdiko emakume pilotarien errealitatean indar-gune direla hartu-emanak. Pilotarien jardunean eta jarduerarekiko lorturiko atxikimendu mailan funtsezkoak dira harreman sareak, askorentzat euren pilotari izatearen sostengu nagusi bihurtu baitira. 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea