Uztaro giza eta gizarte-zeintzietako aldizkariak 100. alea argitaratu du eta hori ospatzeko ekitaldia egin du UEUk Bilboko Kafe Antzokian. Helburua aldizkariaren ibilbidean nola edo hala parte izan diren guztiekin batera ospatzea izan da. Ekitaldian, sorreratik bertatik UZTAROren zuzendari izan den Jokin Apalategi Begiristainek Gidor Bilbao Telletxeari pasatu dio lekukoa.
1990ean sortu zuen UEUk UZTARO aldizkaria, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak euskaraz argitaratzeko helburuarekin. “Giza eta gizarte-jakintzetan geroz eta uzta gehiago sortzen da artikuluen neurriko, eta nahiz eta euskal letren munduan aldizkaririk egon horietariko batzuri tokirik eskaintzeko, anitz, inolako argitalpen ahalik gabe, zokoraturik gelditzen da. Eta egoera honi tamala deritzogu gure letran argitalpen-kopurua murritza baino murritzagoa denean. Uztaro, bada, lehen-lehenik, UEUren karietara beroren partaide desberdinek giza eta gizarte-jakintzen alorrean aurkeztutako entsesioetatik (nola ikerketa hala dibulgazioa) abiatuko da”. Halaxe zioen Jokin Apalategi Begiristain zuzendariak 0. alean.
27 urte geroago 100. zenbakia kaleratuko du UZTAROk. Denbora tarte horretan 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira (ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia zein geografia arlokoak) eta 773 lagunek parte hartu dute proiektuan.
Sorreratik bertatik gaur arte Jokin Apalategi Begiristain (Ataun, 1943)izan da UZTAROko zuzendaria. Gustura dago egindako ibilbideaz, pausoz pauso lortutakoez. “UZTAROren zero aletik 100. alera argitaratu duguna aztertzea aski da giza eta gizarte-zientzietan dagoen euskal produkzioaren osasuna handizki onera joan dela jabetzeko. Nola gaien zabaltasunak hala tratamendu zientifikoak eskatzen dituen planteamendu teoriko, metodologiko eta teknikoetan euskarak sekula ezagutu ez dituen bideak kurritu ditu eta duintasun handiz egin du. Gehiagoz inork ezin du esan euskararentzat bete ezinezko alor zientifikoak existitzen direnik, guri gaztetan esaten ziguten moduan.”
Zuzendari aldaketa
Egindako bideaz gustura, baina era berean momentu egokia iruditu zaio bere zuzendari ardurari agur esateko. Bere esanetan, "bizitzaren arlo guztietan bezala honetan ere lekukoa pasatzen asmatzea garrantzitsua da. Gauzak ongi doazenean, ongi agertzen direnean, ordezkatzea egin behar da" eta, beraz, belaunaldi berrien esku utzi du UZTARO. "Gu geu ez bezala prestaturik daude. Jakitun dira jokoan dauzkagun helburuak zeintzuk diren eta bat-batean eman daitezkeen ezusteak agertzen bazaizkie ere, gainditzeko kemena izango dutelakoan nago. Baldintza guztiak betetzen dira erreleborako. Aurrera bada!". UEUk ekitaldi hau baliatu du Jokin Apalategiri omenaldia egiteko.
Belaunaldi berrien izenean Gidor Bilbao Telletxeak (Bermeo, 1965) hartu du zuzendari ardura. UEUkidea da bera eta orain arte Uztaroren erredazkio kontseiluko kidea izan da. Filologia Klasikoan doktorea (UPV/EHU) eta irakaslea da Bilbao, baita Mikel Laboa katedraren laguntzailea ere. UPV/EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreorde ere izan zen. Euskaltzain urgazlea ere bai.
Ekitaldian aldizkariko erredakzio kontseiluan sartu berri den Maria Gonzalez Gorosarri (Durango, 1978) ikertzaile eta doktoreak ere hartu du hitza. UZTARO euskarazko produzkioaren bilgune dela eta gainera “kalitate maila ziurtatuta” duen aldizkaria dela gogorarazi du Gonzalezek. Gutxienez bi artikulu-ebaluatzailek aztertzen dituzte argitaratutako lanak. Akreditazioa lortzeko irizpideetan euskarazko ikerkuntza alde batera gelditzen da bere esanetan. “Akreditazio hori lortzeko irizpideak Espainiako Gobernuak finkatzen ditu. Irizpideetan kanpoko ikerkuntzak balio izaten du eta euskarazkoa alde batera gelditzen da. Egia da Eusko Jaurlaritzak badaukala beste akreditazio agentzia bat, Unibasq, baina horrek ere ez du baloratzen behar beste euskarazko produkzioa”. Era berean, ikerkuntzak konpromiso soziala behar lukeen arren, akreditazio agentzien irizpideak kontuan hartuz gero, ekarpen sozialak ez duela baliorik gaineratu du Gonzalezek. “Nire kasuan, egiten dudan ikerketak aplikazio praktikoa izatea nahi dut. Ez dadin akademia munduan gelditu. Soldata publikoa badaukat iruditzen zait ni formatu nauen jendarte honi zor diodala. Kanpoan ikasi dudana etxera ekartzea, hemen irakastea. Eta hori UZTAROn argitaratzea da”.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio