Berriak

Xabier Landabidea : “Sinplifikazioaren aurkako antidoto bezala ulertzen dut jasotako emaitza”

Labetik atera berri da “K+: Zientziak eta Humanitateak COVID-19 osteko begirada multidiziplinarretik” liburua. Xabier Landabidea Urrestiren gidaritzapean, bizi dugun egoerari begiratzeko diziplinarteko hamabi begirada, hamabi betaurreko. “Liburu honetan jasotzen diren begiradek erakusten digutena da sindemia ere deitzen hasi gatzaion gertakari global honek giza existentziaren aspektu gehienak ukituko dituela” dio Landabideak.

 

“Asko da dakiguna, baina askoz gehiago oraindik ez dakiguna” diozu liburuaren sarreran. Zer dakar horrek pandemia garai honetan?
Liburu kokatua egin nahi izan dugu, jakintza (eta jardute) arlo ezberdinetan ez ezik giza historiako une konkretu batean (2020an eta COVID-19 pandemiaren hasieran) kokatutakoa. Nabarmena zaigu, atzera begiratuta, orain gehiago dakigula duela urtebete baino, eta liburuan aitortza hori etorkizunera ere proiektatzen da: gehiago da oraindik ez dakiguna dakiguna baino. Horrek esan nahi du liburuan agertzen diren begirada, proposamen eta ondorio asko ziurrenez gaindituta geldituko direla asteak, hilabeteak eta urteak aurrera doazen heinean. 2020. urtean uste genuena ez da ziurrenez 2021. urtean usteko duguna izango. Ez zaigu iruditzen hori arazo bat denik, asmoa ez baita izan erantzun definitiboak ematea, erantzun batzuk zirriborratzen hastea eta gertatzen ari zaigunaren gaineko diziplinarteko hausnarketak ahalbidetzea baino.

Diziplina askotako begiradak jasotzen ditu liburuak. Horretarako UEUko sailetara jo duzu. Zein izan da emaitza?
Nire ustez, txundigarria. Zenbat eta gehiago aurreratu giza jakintzan (bai zientzia bai humanitate deitzen dizkiegun jakintza arloetan) zailagoa da denaren jabe izatea; eta oso jende gutxi izango da aditua liburuak esploratzen dituen jakintza arlo guztietan. 12 jakintza arlotako ekarpenak jaso ditugu, eta honek hamabi betaurreko diziplinar eskaintzen dizkigu; konplexua, aldakorra eta zaila den errealitateari erreparatzeko hamabi proposamen oso ezberdin. Artikuluak irakurtzean konturatzen zara errealitate deritzogun hori zein emankorra eta aldi berean zeinen problematikoa den. Sinplifikazioaren aurkako antidoto bezala ulertzen dut jasotako emaitza.

Postdata ere badakar liburuak...
Postdata Beñat Irasuegiri enkargatu genion, UEUko sailek eman zezaketen begirada “akademikotik” haratagoko begirada bat jaso nahi genuelako liburua ixteko. Azken artikulu honek herri bizigarrien gaiari heltzen dio; lana, burujabetza, teknologia eta etorkizuna bezalako kontzeptuei ekonomia eraldatzailearen alde askotako prismatik begiratzeko. Pertsonalki itxiera perfektua eskaintzen diola iruditzen zait, “nola bizi bizitza bizigarriak” galdera humanista zaharrari heltzen baitio, pandemia eta digitalizazio garaiotara eguneratuta.

Zer ekarpen egin nahi luke liburu honek? Zein da bere balioa?
Batetik hausnarketarako eta ibilerarako eskuliburua izan nahi du; irakurleari gauzei erreparatzeko modu eta tresna berriak proposatuko dizkiona, galderak egiteko angelu eta abiapuntu ezberdinak proposatuko dizkiona. Bestetik, lekukotza lana azpimarratuko nuke: garrantzitsua da gertatzen ari zaigunari buruz dakiguna eta uste duguna jasotzea; etorkizunerako gordeta gelditu dadin, ez dakiguna dakigunaren gainean (edo genekienaren aurka) argitzen joateko. Orainaldirako betaurreko sorta eta etorkizunerako lekukotza multzoa izan nahi luke finean liburuak.

Batutako testigantzak kontuan hartuta. Zer nabarmendu zenuke? Zein litzateke ondorio nagusia?
Pandemiak zeharka eta sakon eragin digula, eta haren ondorioek gizarte mailako aldaketa sakonak eragingo dituztela. Pandemiaren dimentsio biologiko eta ekonomikoak dira krisiaren hasieran ikusgarrien egin zaizkigunak, baina liburu honetan jasotzen diren begiradek erakusten digutena da sindemia ere deitzen hasi garen gertakari global honek giza existentziaren aspektu gehienak ukituko dituela; sexu harremanetatik hasi eta hizkuntza politikaraino, arkitekturatik pasatuta.

Udako Euskal Unibertsitateak eta Errenteriako Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmena dago liburu honen atzean. Torrekua eraikinean Humanitate Digitalen Gunea (HDGunea) sortzeko hitzarmena. Zein helburu ditu HDguneak?
2020rako pentsatuta zegoen egitaraua ezin izan da aurrera atera, tartean denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik; eta beharrizana, aukera bezala hartzea erabaki dugu, gertatzen ari zitzaigun (eta zaigunaren) inguruko hausnarketa liburu kolektibo hau sortzeko. Ikerketa Gunearen helburuak norantza horretan doaz: etorkizun digital eta pandemiko honek gure galderak eta gure erantzunak seriotasunez eta irudimenez planteatzera behartzen gaitu. Zentzu horretan HDguneak ez du zentro izan nahi, erdigunearen zentzu klasikoan; sareko nodo, dinamizatzaile eta katalizatzaile baizik. Euskal Herrian oso agente interesgarriak daude lanean, sarri beste agente askori bizkarrez. UEU eta Errenteriako Udalaren arteko lankidetza hitzarmen honen bidez akademia, eraldaketa eta administrazio mailan lanean ari diren agenteen elkarlanerako erreferentziazko gune bat sortu nahi izan dugu; eta hein horretan joango dira liburu honen osteko pausuak.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea