Halaxe hasi zen literaturan ospe handieneko bidaietako bat... Apustu batekin. 1872tik hona urte askotxo igaro dira, tartean, mende oso bat eta gehixeago. Are azkarrago ingura daiteke gaur egun mundua. Phileas Fogg-ek apustua egin zuen garaian baino are laburragoa da bidaia egun. Zoritxarrez. Are txikiagoa da orain mundua. Zein preziotan, ordea? Laurogei egun.
Gurea apustu umilagoa zen. Nolanahi ere, ausarta. Ez zen whist mahaiaren inguruan egin —inork ezagutzen al ditu whist jokoaren gorabeherak? Gurea ez zen Reform-Clubeko joko mahaiaren inguruan gertatu, eta gureak ez ziren Fogg-en karta-lagunak. Gurea, izatekotan, bazkalondoko apustu bat izan zitekeen, musean genbiltzala ke artean. Baina, ezta ere. Urteak generamatzan hizkuntzalaritzan lanean, urteak hizkuntzaren unibertsaltasunaz eta aldakortasunaz geure buruari galdezka eta erantzunak bilatzeari emanak. Orduan gutako batek besteari esan zion: baietz hizkuntza laurogei hizkuntzatan inguratu! Eta halaxe ekin genion gureari, Phileas Fogg-ek bezala, apustu batez
Laurogei hizkuntza, bat bakarra? Horra gure erronka lerro hauetan.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio