COVID-19ak Ospitaleetan izan duen eragina: Zeintzuk izan dira pandemiaren garaian, gure esparruan, arazo nagusiak? Nola gainditu ditugu?
Laburpena:
Atzera begiratuz, pandemian zehar aldi desberdinak igaro ditugula pentsatzen dut. Lehenengo asteetan, arazo nagusienak zalantza eta ziurgabetasunaren eskutik zetozen. Alde batetik, lankideen artean, gaixotasun berri baten aurrean egoteak ardura eta kezka sortzen zuela argi nabarmentzen zen. Nafarroako haurrei ahalik eta laguntza hoberena eskaintzeko adimena behar genuen, eta horretarako, iristen zitzaigun informazioa azkar prozesatu behar zen. Hasieran txinatar medikuek argitaratuko berriak besterik ez genituen, eta susmatzen zen birusa haurrentzat ez zela oso kaltegarria, baina jaioberrietan nolako eragina izan zezakeen ez genekien, txinatarrek ama-haur bikotea banatu egin zutelako badaezpada ere, eta bularra ez ematea aholkatu. Zorionez, berehala konturatu ginen elkarrekin egotea ez zela kaltegarria, jaioberriek titia lasai hartu zezaketela, bikotearentzat duen abantailarekin.
Gure zerbitzuan COVID-19ari buruz lortzen genuen ezaguera partekatzeko modu azkarra, WhatsAppeko multzo bat antolatzea iruditu zitzaigun. Bertan, pediatriako arlo desberdinetatik bidaltzen genuen informazioa, espezialitate bakoitzari elkarte zientifikoetatik (infekzio arloa, jaioberriak, intentsiboa, pneumologia, kardiologia, etab.) iristen zitzaizkigun berriak partekatzeko. Hor bertan Osasunbideko eta gure ospitaleko txostenak ere banatzen genituen. Beste alde batetik, gure ezaguera eta erabakiak lehen mailako arretako pediatrekin, eta Tutera eta Lizarrako ospitaleko kideekin ere partekatu genituen, beraien ordezkariekin beste WhatsAppeko talde berri bat egin eta gero. Egia esan, komunikabide hau gaur egun ere, komenigarria iruditzen zaigu osasun berriak denoi jakinarazteko. Ongi erabilia, integrazio tresna interesgarria da.