Berriak

Amaia Agirre: "Badirudi askatasun pertsonalaren garaian bizi garela eta hori ez da horrela"

Amaia Agirre Miguélez gasteiztarra da, UPV/EHUn Soziologian lizentziatu zen ondoren doktoretza burutu zuen. "Negoziazio Prozesuak Bikote Berdinzaleetan" izeneko tesia defendatu du eta Uztaro aldizkariaren azken alean, 94.ean argitaratu du horren berri. Hori aitzakiatzat hartuta, bere artikuluaren inguruko elkarrizketa bat egin diogu.

Amaia

 

Euren burua bikote berdintzailetzat dutenak ikertu dituzu, zein da ikerketaren muina?

Egunerokotasunean aurrera eramaten diren negoziazioak ikertu nahi ziren, gai desberdinei dagokionez. Horrela jakin ahal zen zein puntutaraino aurrera egin den, non dauden tentsioak, gatazkak, aurrerapausoak... Bizitzako esparru desberdinetan hartzen diren erabaki prozesuak izan dira ikertu direnak, hala nola, sexualitatea, diruaren jabetza eta banaketa, etxeko eta zaintza lanen banaketa...

Bikote bat parekidea izateko oztopoez hitz egiten duzu artikuluan, zeintzuk lirateke horiek?

Oztopoak anitzak dira, noski, garrantzitsuenak (suposatzen pertsona horiek harreman parekidea izan nahi dutela), ikasitako genero rolak dira, eramaten gaituenak pentsatzera egiten ditugula gauzak “nahi dugulako”, “modu naturalean ateratzen delako”. Emakumeok ez dugu nahi gizonek baino gutxiago kobratu eta etxeko eta zaintza lanen gehiengoa egin, hori ez da “nahi dugulako”, baizik eta oso zaila delako horri buelta ematea. Ahaztu gabe, noski, gizarte egitura, ez dago norberaren eskuetan bakarrik, egitura desberdin asko aldatu beharko ziren, dena ez da bikotekideen erabakiekin konponduko. Baina norberaren eskuetan dauden gauzen artean, negoziazio edo hizketaldi esplizituak abian jartzea da, eta statu quo-a aldatzeko aukera behintzat egongo zen horrela. Maitasun erromantikoari buelta bat ematea ere beharrezkoa da, bikote bat edukitzea baina interes propioak ere defendatzea posible da.

"Berdintasunaren ispilatzea" fenomenoa aipatzen duzu sarreran, zertan datza fenomeno horrek?

Berdintasun instituzionala lortu edo lortzetik gertu gaudela dirudi, horrek bidaltzen digu mezu bat, jada desberdintasunik ez dagoela dioskuna. Badirudi askatasun pertsonalaren garaian bizi garela, gizonek eta emakumeek aukera berdinak dituztela, eta hori ez da horrela. Agian, oso gazteenen artean hori agerikoa da, galdetzen badiezu neskei ea diskriminaturik sentitu ote diren noizbait, askotan ezetz esaten dute. Gero egoera zehatzez hasten zarenean hitz egiten ikusten da berdintasunik ez dagoela, eta adinean aurrera egin ahala, geroz eta gutxiago, beste gauzen artean, zaintza eta etxeko lanen zama handiagotzen direlako.

Egungo gizartean hain hedatua dagoen maitasun erromantikoaren ideologiak iraungitze data du edo bikote parekidetasunarekin bateragarria litzateke?

Maitasun erromantikoak jarraitu dezake, noski, baina ez da osasuntsua orain ulertzen den moduan. Bikote harremanak ez du zertan bizitzaren erdigune sozial eta afektiboan egon beharrik, ezta bizitzako etapa guztietan edota pertsona guztiengan ere. Oso erraza da esatea, baina gizartea antolatua dago bikoteentzat eta bikoterik gabeko pertsonek badirudi zerbait falta dutela, instituzionalizatua dagonaren kontra egunero egitea oso nekagarria da.

Bikote parekideen gakoa negoziazioa dela diozu, baina batzuetan negatibotzat hartzen dugun kontzeptua dela. Nola egin beharko litzateke zure ustez negoziaketa bat?

Garrantzitsuena negoziazioak irekiak eta esplizituak izatea da eta dudak badaude, idatziz (berdinometroarekin adibidez, Emakunderen tresna bat). Negoziatzen ez dena edo modu inplizituan negoziatzen dena, normalean, genero rol tradizionalen mesedean da.

Zer motatako gatazkak ekarri ditzakete bikotearen desadostasunek?

Gatazka ez da txarra bere baitan, gatazka ekidinezina da bikote harreman batean. Ulertu behar dugu gatazkak aukerak izan daitezkeela gauzak hobetzeko eta norbaiti diogun maitasuna eta gatazka bat edukitzea edo desadostasun bat planteatzea bateragarria dela guztiz.

Zeintzuk dira ikerketaren ostean atera dituzun ondorio nagusiak?

Ondorio nagusia da Berri Txarraken abestiak esaten duen moduan: “atzera goazela, aurrera ez bagoaz”... eta kasu honetan, bereziki. Bide luzea egin dela feminismoaren eskutik baina oraindik bide luzea geratzen dela baldin eta gizarte berdintzaile bat nahi dugun eta krisiaren aitzakiarekin hartu izan diren erabaki asko, horren kontra doazela, genero rol tradizionalak berrindartzen baititu.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea