Berriak

Amaia Inza Bartolomé: “Arrisku Sozial Berriek gizartearen modernizazio-prozesuak sorturiko pobre izateko aukerak biderkatu dituzte”

Amaia Inza Bartolomé ikertzaile oñatiarra lizentziaduna da zientzia politikoan eta hiri-industria soziologian; hain zuzen, zientzia politikoan egin zuen doktore tesia: bertan, globalizazioaren betekizunak eta horiek Estatuaren egituraketan duten pisua ikertu zuen, batez ere, ezker ideologikoari begira. Harrezkero, bere ikergai nagusia Ongizate Estatuaren teoria izan da, baina beste gai batzuk ere jorratu ditu, hala nola desgaitasun intelektuala, gizarte zerbitzuak edo Elikagai Bankuak. Uztaron argitaratu berri duen artikulua izan dugu hizpide berarekin.

Amaia Inza

"Inbertsio sozialaren argi-ilunak: egokia ote Arrisku Sozial Berriei erantzuteko?" artikulua argitaratu berri duzu Uztaro aldizkarian. Hasteko, zeintzuk dira "Arrisku Sozial Berri" horiek?

Ez dago tipologia zehatzik, baina honi buruz idatzi duten teorialari askok, gaur eguneko lan merkatuaren eskakizunak hartzen dituzte ardatz bezala: enplegu duina lortzeko zailtasunak, hezkuntza-maila baxua dutenek gizartetik baztertzeko arriskua handitzea, pertsona dependenteak zaintzeko zailtasunak ekintza hori lanarekin uztartu behar delako e.a. Aurreko horrek guztiak, gizartearen zahartzea eta gastu soziala murrizteko tentsioarekin batera, Ongizate Estatuaren erantzun doitua eskatzen dute.

Aldaketa sozioekonomikoek sortzen dituzten behar berriei erantzuna emateko, Arrisku Sozial Berrien (ASB) politikak edo "politika sozial postindustrialak" beharrezkoak liratekeela diozu; zeintzuk?

Gizarte postindustriala, gure garaiko kapitalismoaren fasearen izenetako bat izango litzateke. ASBek desberdintasun sozialen iturriak laburbilduko lituzkete. Beste era batean esanda, Arrisku Sozial Berriek (ASB) gizartearen modernizazio-prozesuak sorturiko pobre izateko aukerak biderkatu dituzte.

Bide horretan, inbertsio soziala aipatzen duzu Arrisku Sozial Berrien soluziobide bezala: nolatan? Zertan datza inbertsio sozial hori?

Inbertsio sozialaren estrategiak, arazoak “eztanda” egin baino lehenago, hau da, diru kostu handia sortu baino lehenago, prebenitzeko bideak planteatzen ditu. Ongizate Estatu zaharrean, politikak gizonezko langile helduei eta, oro har, adinduei bideratuta zeuden batez ere. Diru-transferentziak adina, langabezia, gaixotasun eta desgaitasunagatik sortutako arriskuengatik ematen ziren. Gastu hori pasiboa dela uste du inbertsio sozialaren estrategiak. Horregatik, hiritar eta politika aktiboak nahi ditu, erantzukizun indibiduala handitu eta bakoitzak bere buruaz hein handiago batean arduratzea.

Hala ere, badira inbertsio sozialaren inguruko kezka agertzen duten autoreak...

Bai, askoren ustetan, neoliberalismoak sorturiko gaitzak zuritzeko estrategia besterik ez litzateke izango, Ongizate Estatuaren hedapenean berebiziko garrantzia eduki duen eskubide sozialen diskurtsoa alde batera uzten duelako. Pertsonengatik atera daitekeen etekina, aukera berdintasuna eta erantzukizun indibiduala hartzen dira ardatz bezala. Arazoei komunean erantzun emateko tresnari, Estatuari, aktibatzaile papera ematen zaio, baina ez erantzule.

Are gehiago, Estatuak ez du lehen zuen desmerkantilizazio-boterea, hau da, herritarrak merkatuaren bidegabekerietatik babesteko ahalmena.

Arrisku sozial berriei erantzuteko politikak lantzen al gabiltza gaur eta hemen? Zein da egoera?

Europar Batasunak horrelako politikak bultzatzen ditu, teorian behintzat, baina bizi garen krisi egoeran, zaila da inbertsioari behar adina diru bideratzea, egun egoera latzean dauden kolektiboei premiazko erantzuna eman beharko litzaiekelako. Inbertsiotan diru gehiago gastatzea, Ongizate Estatuan norabide aldaketa sakona izango litzateke.

Ongizate Estatua honako bidegurutzean aurkitzen da: biderkatzen doazen erronkak, diru-sarreren murrizketak eta lehiakortasuna gurtzen duten politikak. Bada, Ongizate Estatu dei geniezaioke oraindik?

Bai, Ongizate Estatuaren ideia berez oso malgua da, eta egituratze anitza izan du historian zehar. Etengabe aldatzen doazen ideia, ideologia, testuinguru eta gertakizunen pean itxuraldatzen da, eta gaur egunekoa beste fase bat da soilik. Garrantzitsuena arazoei erantzun komuna emateko konpromisoa da, eta hori indartsu dago oraindik, gobernuek hori mantendu behar dute, hiritarrek beraien ongizatea mantentzearen erantzukizuna publikoa dela uste dutelako.

Garrantzitsua da Ongizate Estatuek dituzten erronkak ulertzea, analisi ikuspuntuak doituak eta egokiak izan behar dute. ASBen ikuspuntua erabilgarria eta aberatsa izan daiteke eta inbertsio sozialaren estrategiak zenbait erantzun eskaini ditzake. Hori bai, nora garamatzan argi eduki behar dugu, eta eskubide sozialen diskurtsoari dagokion tokia eman.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea