Berriak

Ander Gortazar Balerdi: “Iruditzen zait ez dagoela argi zertaz ari garen kulturaz ari garenean”

 

Ander Gortazar Balerdi arkitekto donostiar poloniartua da. Bartzelonan hirigintza arloan espezializatu ostean, egun, diseinu-prozesuen optimizazioan dabil lanean, eraikuntza, hirigintza eta mugikortasun mailan. Urrun izanagatik, Aldiri. Arkitektura eta abar aldizkariko erredakzio kontseiluko kide ere bada eta bera izan da azken alearen arduraduna; hain zuzen, “Donostia, kulturaren hiria?” zenbakiaz aritu gara berarekin.

 

Ander Gortazar Balerdi

Aldiriren 25. zenbakia dugu egunotan esku artean, “Donostia, kulturaren hiria?”; zer aurkituko du irakurleak bertan?

Zenbaki ahalik eta osatuena lortzen saiatu gara, ohi bezala arkitekturaz eta abar. Kultura hiriburutza ikuspuntu ezberdinetatik aztertu nahi izan dugu, ikuspegi ezberdineko egileen bidez, bai diziplina aldetik (filosofia, geografia kritikoa, ekonomia, hirigintza, artea), bai eta proiektuarekiko atxikimendu maila aldetik ere.

Kulturaren zer definizio gailendu da Donostia 2016 Hiriburutzan?

Iruditzen zait ez dagoela argi zertaz ari garen kulturaz ari garenean. Alde batetik, adierazle huts bat da kultura, gizarte osoak bere egin duen kontzeptu positibo bat –ba al dago inor "kulturaren" kontra?–. Bestetik, diogu kultura gizarteko botere-erlazio multzoa dela: kultura da nola hartzen ditugun erabakiak, zer eta nondik jaten dugun, lurralde-antolamendua eta abar. Gaztetxe bat martxan jartzea kultura egiteko modu bat da, hura eraistea ere kultura jakin baten isla da.

Edonola ere, Donostia 2016 proiektuan, Kultura kontzeptuaren definizioa hurbildu ote da noizbait ardatz horietara?

Esango nuke Donostia 2016 proiektuan kultura kontzeptuaren definizio asko gainjartzen direla. Alde batetik, hiriburutza per se da espektakuluaren kulturaren parte, inaugurazio zeremonia, ekitaldi, jaialdi eta abarrekin. Bestetik, helburu nagusia turismoa ez dela dioten arren, kontsumorako espazio –kanpo nahiz barne– eta espazio publikoaren arteko talka saihestu ezinezkoa da, eta hori nola ebatziko dugun ere izango da gure kulturaren erakusgarri.

Baina ezin aipatu gabe utzi hiriburutzari esker eskala mikroan garatzen ari diren proiektuak, eta batez ere, haiei esker sortzen eta ehuntzen ari diren sareak. Ainara LeGardon berak aitortzen digu hori elkarrizketan, eta alde horretatik, injustuak iruditzen zaizkit Manuel Delgadok Donostia 2016ri egiten dizkion hainbat kritika, errealitate hori ezkutatzen duten heinean. Hiriburutzaren aparra pasatakoan sare eta proiektu horiek jarraitzen badute, gaitz erdi.

Hain zuzen, zeuk, Ainara LeGardon musikaria elkarrizketatu duzu; dioenez, besteak beste, saturazioak oharkabeko utzikeriara omen garamatza.

Soinuari buruz ari da bera, hau da, eguneroko soinu-saturazioak –doinu, zarata, hots, mezu errepikatu, hizketaldi ozen– estutzen gaituen arren, oharkabean pasatzen zaigula, ohitu egin garela, eta utzikeriaz bizi dugula. Izan ere, LeGardonek garrantzi handia ematen die soinuari eta soinu-paisaiari. Horretan oinarritzen da "El deseo como cemento" bere azken pieza, eta pieza hori sortzeko erabilitako tramankuluekin egindako bodegoi edo natura hila da, gainera, zenbakiko azaleko argazkia.

Proiektuaren aldekoak zein kontrakoak datoz bat “posizionamendua” eta “lehiakortasuna” kontzeptuen baitan; horixe al da, bada, hiriburutzaren zigilua?

Tamalez, gaur egun gure bizitzako alderdi gehiegiren zigilua dira "posizionamendua" eta "lehiakortasuna". Paradoxikoa iruditu zitzaigun konstatatzea proiektuaren aldekoek zein kritikoek aipatzen dituztela bi kontzeptuok; abantaila moduan lehenek –ongizatea, berrikuntza– eta kritika moduan bigarrenek –kapitala, merkatua–. Kasik Richard Florida eta David Harvey parez pare jarri izan bagenitu bezala.

Galdera darama izenburu aleak; bada, erantzunik aurkitu duzue?

Erantzuna ematea baino, erantzuna osatzeko gakoak eman nahi genituen, eta alde horretatik, uste dut lortu dugula. Edonola ere, galdera inplizitua beste bat da, alegia, "zertaz ari gara kulturaz ari garenean"? Hitz egiten ari den pertsonaren arabera aldatuko da esanahi hori, eta beraz, zenbakiak balio beza ulertzeko ze parametroren arabera ari den hizketan pertsona hori, zer esaten ari den eta egiazki zer esan nahi duen.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea