Berriak

Asier Amezaga: “Arestiren hitzaldi edo poemek bere garaiari begiratzeko modu bat transmititzen dute”

“Gabriel Aresti eta euskal kultura-esparrua (1953-1975)” liburua argitaratu du UEUrekin Asier Amezaga Etxebarria soziologia irakasleak (UPV/EHU). Gabriel Arestiren gaineko doktorego-ikerketa egin ondoren poeta bilbotarra orainera ekarri zuen “Inor ez delako profeta bere mendean (Erein, 2018) saiakeran. Egun, kultura-azpiegituren bitartekaritzaren gainean dabil ikertzen.

 

Zein galderari erantzun nahi diezu lan honekin?
Frankismo garaian osatu, egituratu eta legitimatu zen euskal kulturaren ideia arakatu nahi nuen, Gabriel Arestiren lana eztabaida zabalagoetan kokatzen dut. Aurrena, gerra zibilaren ondoren osatu zen euskal kultura-esparrua aztertzen dut, euskarak jokatu beharreko paperaren gaineko eztabaidan kokatuz. Ondoren, Arestiren identifikazio prozesuak aztertzen ditut. Ikuspegi psikoanalitiko batetik planteatzeak aukera ematen dit garaian antzeko posizioetan egongo ziren beste egileen identitateetara gerturatzeko; eta, nahi bada, euskal inkontziente politiko eta kulturaletan ere arakatzeko. Esparru sinboliko eta kultural jakin batean kokatu eta gero, bere idazketa praktika gorpuztu bezala aztertzen dut.

Literatura esparrutik baino kultura esparrutik aztertu duzu Gabriel Aresti. Zergatik?
Literatura esparrua Pierre Bourdieu soziologo frantsesak proposatutako terminoa izan zen, literaturak beste esparruekiko autonomia eskuratzen dituen prozesuez aritzeko. Prozesu hau ematen da idazle, bitartekari zein irakurleen arteko dinamiken ondorioz literatura epaitzeko irizpide propioak garatzen direnean, esparru ekonomiko edo politikoaz bestelakoak esaterako. Lan honetan defendatzen dut frankismo garaiko sorkuntza literarioak ez zuela esparru propio bat osatzen, baina bai lortu zela euskal kultura-esparru bereizia osatzea. Euskarazko literatura –eta Gabriel Arestirena, noski— esparru horren zerbitzura aritu zen. Euskal kulturaren definizioa zen jokoan zegoena eta, ondorioz, euskal literatura bigarren plano batean kokatzen zen.

Bi poloren inguruan identifikatu dut dinamika hori. Batzuk, pentsamolde, tradizio edo estilo jakin batekin lotzen zuten euskal kultura. Aresti, Txillardegi eta beste batzuk, ordea, euskal hizkuntza jartzen zuten erdigunean. Hor, noski, euskal literaturak paper erabakigarria izan zuen euskara batu eta jaso baten osaketan. Eta horren baitan, errekonozimendu-hierarkia bat ere osatzen zen, non poesia eta nobelaren literatura balioa beste kultura adierazpenen gainetik kokatu zen.

Zein da zure ustez Arestiren ekarpenik handiena?
Ahots propio bat topatzea euskal kulturgintzari norabide berria emateko. Haren hitzaldi edo poemek bere garaiari begiratzeko modu bat transmititzen dute, edo are gehiago: bere begietatik, bere betaurrekoetatik, ikustaraztea lortzen du.

Poeta madarikatua izatetik gurtua izatera....
Madarikatua izan ala gurtua izan, bietan izen propio bati esleitzen zaio protagonismoa. Hori ere Arestiren izenak, ahotsak, sinadurak hartzen duen garrantziaren ondorio da. Arestik poetikoki hitz egiteko enuntziazio-posizio bat asmatu zuen, eta hortik kapitalizatu lezake bere lana. Prozesu kolektibo zabalago baten erdigunean jakin zuen kokatzen. Batzuk alde eta besteak kontra izango zituen, baina esango nuke beti lortzen zuela eztabaidetan erreferentzia puntua izatea.

Hausturarekin lotzen da Aresti, baina genero-irudikapenei dagokionez, ez dago beste arlo batzuetako hausturarik...
… eta horregatik izan zuten arrakasta proposatu zituen irudikapenek. Gizarte errealitatea modu justu eta egokian irudikatzeko asmoa zuen Arestik, baina ez zuen horregatik arrakasta izan, nagusitzen ari ziren bizipen batzuekin ondo konektatzen zuten irudikapenak asmatu zituelako baizik. Eta hor uste dut euskal kulturgintzako pultsio patriarkal batzuekin ondo konektatzen duela. Nik, behintzat, hortik irakurtzen ditut aitaren etxeko eredu sakrifiziala, izena edo hitza praktika gorpuztuetatik kanpo kokatzeko joera edota elementu gorpuztu eta emozionalak figura femeninoetara lotzekoa. Funtsean, euskal kulturgintzan zegoen genero-banaketa baten sintoma gisa irakur daiteke: gizonezkoen idatzizko produkzioari autoretza eta aitorpena ematen zitzaion; eta emakumezkoen ahozko erreprodukzioa modu anonimo eta aitortu gabean egiten zen bitartean, andereñoaren irudia dugu horren adibide.

Nori zuzendutako liburua da?
Euskal kultura-esparruak gako batzuk eskaintzen ditu Arestiren literaturan murgiltzeko, baina uste dut beste testuinguru edo garaietarako ere eskain ditzakeela. Frankismo garaiko euskal kultura-esparrua argitalpen espazio sozialean irudikatzen ditut eta kultura eta literatura genero, autore eta obrak kokatzen ditut hor. Egun, euskal kulturgintzarekin eta euskalgintzarekin ditugun harreman eta anbibalentziak ulertzeko zenbait arrastori ere jarraitzera gonbidatzen ditu. Gauza batzuk aldatu badira ere, egungo euskal gizartearen praktika kulturalak ulertzeko ekarpena egin nahi dut liburu honekin.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea