Berriak

Beste argitalpen bat gehiago EPUB formatuan

UEUn euskarri elektroniko berri batean eskaini dugu “Hizkuntzaren barrurako atea” liburua. Aurrerapauso bat gehiago hainbat jakintza-alorretako edukiak ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz.

Momentu honetan testuak eta liburuak irakurtzeko gehien hedatzen ari den formatua EPUB da, horregatik UEUn formatu honekiko egin dugun apustua. Hedapenari dagokionez “.epub” da erabiltzen dena, eta formatua liburu elektroniko librearen standarra dela esan dezakegu. Horregatik, UEUn ateratako beste argitalpen guztiak bezala, ez du izango jabego intelektuala duten artxiboen kopiatzea galarazten duten teknologiarik (DRMrik).

Euskarri elektroniko honek PDFak eskaintzen ez dituen hainbat abantaila eskaintzen ditu, adibidez, letra mota eta neurria egokitu daitezke. Gainera ez da bere formatura mugatzen, hau da, merkatuan dauden hainbat liburu elektronikoren tamainara egokitzen da. Irakurgailuen artean, Sony Reader, Bookeen, bq eReaderetan erabil daiteke; Apple-en gailuetan; Android sistema eragilean eta PCan Adobe digital editions eta Calibre bezalako programetan.

Webguneko “Denda” atalean "Hizkuntzaren barrurako atea", "Hizkuntza gutxituen erronkak" eta "Bake-justizia: udal mailako justiziaren nondik norakoak" liburuak aurkezten dira momentu honetan formatu honekin. Prezioari dagokionez, EPUBak PDFaren balio berdina izango du, kontuan hartuta paperezko bertsioa baino 35% merkeagoak direla, produkzioa ere merkeagoagoa delako. Irakurleak liburua gustuko duen formatuan jaitsi ahal izango du, horretaz gain, behin erosita 3 hilabeteko epea izango du liburu hori nahi beste bider deskargatzeko.

2012. urte hasieran zenbait liburu PDF euskarri elektronikoan eskaintzen hasi ginen; aurrerakuntzekin bat egiteko eta irakurleari bestelako esperientziak emateko asmoarekin. Gainera PDFan erosteko aukerarekin bat argitalpen unetik 3 urte pasatu ondoren, liburua deskatalogatu eta Buruxkak liburutegi digitalean bertsio elektroniko horiek doan deskargatzeko ahalbidetu zen UEUn. Helburua gutxika-gutxika 2011ko 2012 eta 2013ko argitalpenak formatu honetara bihurtzen joatea izango da, baita ere etorkizunean aterako direnak ere horrela eskaintzeko ahalegina egitea.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea