Berriak

Iñaki Alegria: “Esango nuke kolonialismoaren azterketarako derrigorrezko liburua dela”

Eduardo Galeanoren “Latinoamerikaren zain urratuak” liburua ezaguna itzuli du Iñaki Alegria Loinazek. UEUko zuzendari ohia da Alegria eta talde eragileko kidea. IXA ikerketa taldeko sortzaileetako bat ere bada eta herri ekimeneko beste hainbat saltsatan ibili dena eta dabilena. Jubilatuta dago gaur egun, baina ez erretiratuta, eta jubilazioa aprobetxatu du bere ustez euskaraz behar zuen liburu hau itzultzeko.

 

Zerk eraman zaitu itzulpen lan honetara?
Zain Urratuak 1985an irakurri nuen eta esaldi batzuk itzuli nituen Komite Internazionalistekin, Nikaragua Sandinistaren testuinguruan, antolatzen ari ginen erakusketa baterako. Eta iruditu zitzaidan liburu horrek euskaraz egon behar zuela. Beste inork egin ez duenez, 35 urte geroago, jubilazioaz baliatuta itzuli dut.

Saiakera sakona da, baina oso modu erakargarrian aurkeztua. Protagonistak metalak, elikagaiak eta erregaiak dira; indiarrak, konkistatzaileak, esklaboak, langileak eta latifundistak; herrialdeak eta tokiak, banketxeak eta multinazionalak; banana errepublikak, iraultzak eta estatu-kolpeak. Bidaia-liburu moduan ere sailkatu izan dute (munduko onenen artean dago halako sailkapenetan).

Galeanoren hitzetan esanda:”Badakit sakrilegiotzat har daitekeela dibulgazio-eskuliburu honetan ekonomia politikoaz aritzea amodiozko edo piraten nobeletan bezala. Baina aldapa gora egiten zait, aitortu egin behar dut, kodean idazten duten soziologo, politikologo, ekonomialari edo historialari batzuen lan baliotsu batzuk irakurtzea”.

Itzulpenerako berrirakurtzeak zer ekarri dizu?
Oroimenean liburuaren lehen partea neukan (lehengaien eta nekazaritzaren esplotazioarena), baina berrirakurketa sakon honetan bigarren parteak harritu nau gehiago, mendekotasunaren eta liberalismoaren arteko uztarketaz aritzen denean; duela 50 urte gaur egungo hainbat gai aurreratu zituelako.

Bestalde niretzat hain ezagunak ez diren herrialdetako historian sakontzea ere ekarri dit: Brasil, Venezuela eta Paraguai batez ere.

Zer nolakoa izan da itzulpen lana?
Ni ez naiz itzultzaile profesionala eta liburuarekin ausartu naiz saiakera liburu bat delako. Hala ere saiakera aberatsa da estilo aldetik. Hainbat idatz molde erabiltzen ditu Galeanok: deskribapenak, datuak, hausnarketak, bizipenak eta elkarrizketak, aipuak... Eta bibliografia zabal eta zehatza. Molde bakoitza euskarara modu egokian ekartzea izan da nire kezka eta lanaren funtsa.

Zergatik da horren garrantzitsua liburu hau?
Funtsezko liburu bat da munduko historia, politika, ekonomia, soziologia, antropologia eta beste hainbat gairen inguruan aritzeko. Hala aitortu zaio Latinoamerikan eta munduan. Arrakasta eta eragin handia izan duen liburua da. Esango nuke kolonialismoaren azterketarako derrigorrezko liburua dela.

Funtsa Galeanoren hitzetan jarrita: “Azpigarapena ez da garapenaren etapa bat. Horren ondorioa da. Latinoamerikaren azpigarapena kanpoko garapenetik dator, eta hura elikatzen jarraitzen du”

Aipatutako arlo horietako unibertsitateko irakasle/ikasleentzat ezinbesteko liburua iruditzen zait. Eta horregatik argitaratu du UEUk.

50 urte dira Galeanok liburua argitaratu zuenetik. Zein egoeratan daude Latinoamerikako zainak? Zer aldatu da? Zer ez?
Gauza asko aldatu dira, baina gehiago mantentzen dira: produktu gutxi batzuekiko mendekotasuna, eliteek egiten duten deskapitalizazioa, kanpotik egindako bipiltzea. Aldaketak aipatzerakoan Martin Caparros idazle argentinarrak azpimarratzen dituen bi aipatuko nituzke: populazioa hirietara masiboki joatea eta emigrazioa. Euskal Herritik ikusita hemengo enpresak kolonizatzaileago bihurtu zaizkigu (BBVA, Iberdola, CAF...); baina seguruena gehien aldatu dena giro politikoa izan da, iraultza baterako itxaropena desagertu delako. Galeanok berak zioen: “Pobrezia ez dago izarretan idatzita; azpigarapena ez da Jainkoaren plan ilun baten fruitua. Iraultzaren urteak dira hauek, erredentzioaren garaia. Klase menderatzaileek beratzen jarri dituzte euren bizarrak, eta aldi berean infernua iragarri dute guztiontzat”.

Galeanok dio latinoamerikarrak pobreak direla zapaltzen duten lurzorua aberatsa delako, eta nola natura aldetik pribilegiatuak diren lekuak historiak madarikatu dituen...
Bai, eta adibide asko jartzen ditu: zilarra Potosín, azukrea Brasilgo ipar-ekialdean eta Haitin, banana Ekuadorren, nitroa Chile-Perun... Eta alderatzen du Estatu Batuetako abiapuntuarekin. 4. kapituluan horretaz dihardu bereziki: zergatik AEBk aurrera egin zuen bitartean beste herrialdeek ez?

Azpimarra non jarriko zenuke zuk? Zer nabarmenduko zenuke?
Oso liburu interesgarria dela lehen zein bigarren irakurketarako. Jende askok irakurri du, gaztelaniaz eta duela asko agian; horiei bigarren irakurketarekin harrituko direla esango nieke.

Amaitzeko eskerrak eman nahi ditut: UEUri argitaratzeagatik eta UEUko Nekane Intxaurtza eta Ander Altunari liburu eder hau txukuntzen laguntzeagatik, Iban Zalduari hitzaurre interesgarriarengatik, Xabier Artola zein Xabier Alegriari hasierako laguntzarengatik eta aurrera egiteko bultzadarengatik, eta Pruden Gartzia zein Gidor Bilbaori emandako konfiantzagatik.

 

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea