Berriak

Izaro Zinkunegi Barandiaran: "Bertsolaritzan emakumezko pertsonaia sarri problematizatuta eraikitzen da"

Izaro Zinkunegi Barandiaran, errezildarra da, 1992an jaioa. Ikus entzunezko komunikazioko gradua ikasi zuen eta "Emakumeak eta bertsolaritza. Gaiak, rolak eta bertsoak genero-ikuspuntutik" ikerlana egin ondoren. Uztaro aldizkariaren azken alean, 94.ean argiratatu da bere lana. Hori dela eta, berarekin izan gara solasean.

 

pd22_zinkunegi1

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala genero-ikuspuntutik aztertu duzu, zein berezitasun izan zuen gaiari dagokionez esate baterako?

Gai tragikoen, eta gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaien nagusitasuna aipatu behar da. Gaurkotasuneko eta interes orokorrekoak esatean, komunikabideetan oihartzuna dutenei buruz ari gara. Gehienetan ez da genero markarik erabiltzen gaiak formulatzerakoan. Hau, bertsolaritzan azken urteetan egindako genero hausnarketen fruitu izan dela esango nuke. Azkenik, errepikatzen den beste faktore bat familiaren eta bikote-harremanen presentzia da. Honek gizarteari erreparatzera garamatza, ezinbesteko instituzio bezala ulertzen baititugu oraindik. Eta nola ez, familiaz eta bikote-harremanez hitz egitean, harreman heterosexual eta tradizionalak nagusitzen dira, jendartean onartuenak direnak eta agintzen dutenak.

Umoreari dagokionez, ariketa zehatz batzuetan soilik agertzen da orokorrean, zortziko txikian eta puntukakoan zehazki. Eta hemen umore maskulinorako joera dago, umorea egiteko erregistro edo kode ohikoa erabiltzen du bertsolariak, publikoak barneratua duena eta honen aurrean nola erantzun badakiena.


Eta bertsolariek hartutako paperari dagokionez?

Gehienak jendartean agintzen duten ohitura, tradizio eta joeren isla dira, baita rol horietatik sorturiko bertsoak ere. Nabarmentzekoa da, generoa zehazten ez den kasuetan gehienetan bakoitzak beretik abestu arren, emakumearen pertsonaia eraikitzea erabaki zutela bi gizonezko bertsolarik, prostituta paperetik abesterakoan. Honek, prostituta emakumearekin lotzeko dugun joera orokorra erakusten du. Halaber, emakumezko pertsonaia sarri problematizatuta eraikitzen da.


Zeintzuk dira generoen artean egun bertsolaritzan aurkitu dituzun ezberdintasunak?

Jendaurreko jardunari erreparatuz, plazetako emakume eta gizonen bertsolari kopuruari erreparatzen badiogu, aztertu dudan 2013ko Txapelketa Nagusian %70 gizonezkoak ziren, eta %30 emakumezkoak. Ohiko plazetako saioetan alde horrek gora egiten du, emakumeak %20 baitira eta gizonak %80.

Honi lotuta, sarri emakume bertsolarien aldeko diskriminazio positiboa egiten dela esaten du Maialen Lujanbiok, saioko neskaren figura bete behar izan duelako hainbatek. Positibotasun hori erlatiboa da ordea, emakume batek bertsolari on bezala errekonozitua izateko hiru muga gainditu behar ditu. Gainera, saioan emakume bakarra egotearekin nahikoa dela pentsatu izan da askotan, eta horren ondorioz, saioko emakume bakar horrek beste emakume guztien ordezkari izan beharraren sentsazioa bizitzen dutela diote hauek.

Gaiei erreparatuz gero, batetik, orokorrean neskei axola zaizkien ustezko gai intimoak ez direla jartzen ohartuko gara, eta bestalde, emakumeek beraiek ez dute ohikoak diren gaiei buruz ezer esatekorik edo ekarpenik egiteko dutenik sentitzen. Halaber, emakumeen gaiak emakumeei beraiei jartzeko joera dago.

Gaietako pertsonaien rolei dagokienean, gizonezkoenak ugariagoak eta landuagoak izaten dira, emakumea aldiz pertsonaia indefinitua izaten da sarri: honen emaztea, haren alaba, bestearen maitalea... Askotan gainera emakumeen paperak problematizatu egiten dira, haserretik, aldarrikapenetik edo biktimitatetik kantatzera behartuz.

Adineko pertsonaien kasuan, berriz, fenomeno bitxia gertatzen da; egun plazaz plaza bat-batean dabiltzan emakumeen belaunaldiak gazteak dira, 40 urtetik beherakoak. Ginone kasuan ez da horrelakorik gertatzen, beraz, ezinezkoa da adineko emakume baten papera jarriz gero bertsolariak “beretik” abestea. Gizonezkoen kasuan ordea, adin guztietako bertsolariak daude.

Azkenik, bertso-eskoletan ere arreta deitzen duen fenomenoa dago. Eskolarteko txapelketetan, mutilak gehiago izanagatik, aldea ez da hain nabarmena. 18 urterako ordea, nesken %80ak utzi egiten du bertso-jarduna.

Bertsolaritza gizonek teorizatu dutela aipatu eta horren aurrean "nolakoa litzateke bertsolaritza emakumeek garatu izan balute?" galdera botatzen duzu. Zure ustez, nolakoa litzateke?

Oso zaila da hori irudikatzea, baina ezberdina izango zela esatera behintzat ausartuko naiz. Txikitatik ibili izan naiz bertso eskolan, eta “abestu ozen, atera bularra...” bezalakoak entzun izan ditut, alegia, gizonezkoaren rolarekin bat datozen ezaugarriak izan behar dira bertso munduan nabarmentzeko. Oholtzaren erdian, bakarrik egotera, protagonista izatera, barrea eragitera... behartuta dago bertsolaria, eta emakumeok ez gaude horretara ohituta.

Lanean aipatzen dudan eta Uxue Alberdik dion bezala, gizonezkoak behatzaile legitimoaren ikuspuntua eman izan dio bertsolaritzari, arrazioa, oratoria eta komunikazioa ardatz dituena. Emakumeak plazan agertzean berriz, sentimenduak, emozioa, barne-bizitza, enpatia... agertu dira bertso-munduan. Ondorioz, emakumeek bertsolaritza garatu izan balute, bertsolaritzak aipaturiko azken ezaugarri hauek izango zituzkeela pentsa dezakegu.


Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau jorratzea?

Montevideon nengoen bizitzen Gradu Amaierako Lana egiteko tutorea (Marta Luxan) eta gaia esleitu zizkidatenean, América Latina mugikortasun programaren bidez 4. mailako lehenengo lauhilekoa egitera joanda. Gaia orokorra zen, generoa eta komunikazioa, eta tutorearekin hitz egiten hasi nintzen, zeri buruz egin nezakeen erabakitzeko. Nire zaletasunei buruz galdetu zidan, eta kirola eta bertsolaritza aipatu nizkion. Garai horretan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia zegoen jokoan, eta aukera ederra iruditu zitzaigun bioi nire zaletasuna eta lana uztartzeko. Hortik sortu zen ideia.


Metodologiari dagokionez, eduki-analisia erabili duzula diozu, zertan datza?

Gizarte Zientzietan erabiltzen den ikerketa tekniketako bat da eduki analisiarena. Jendarteko erakunde, elkarte, instituzio edota pertsonen eguneroko harremanetan sortzen den material komunikatzailea ikertzeko eta hau behar bezala ulertzeko helburua du. Egun egiten diren eduki analisiek, azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa barnebiltzen dituzte, eta deskribapen soiletik haratago, inferentziak ere egiten dituzte. Nire lana ere honetan oinarritzen da, ikerketa genero ikuspuntutik egin ahal izateko ezinbestekoa baita deskribapena eta analisi kuantitabioa gainditu, eta inferentziak eta azterketa kualitatiboa egitea.

Lanean hiru aztergai hartu ditut kontuan: 2013ko Txapelketa Nagusiko finalean jarritako gaiak, bertsolariek hartutako rolak eta rol horietatik abestutako testuak. Lehenegoaren kasuan, gaiak orokorrean aztertu ditut. Rolak eta rol horietatik abestutako testuak aztertzeko, berriz, bertso-sorta batzuk aukeratu eta horiek aztertu ditut.

Zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak? Aldatuko ote da hurrengo txapelketa nagusian zerbait?

Bertsolaritzan azken urteotan genero ikuspuntutik egindako hausnarketek beraien eragina izan dute, lehen aipatu bezala, bereziki gaietan ikusten da hori. Baina oraindik ere ezberdintasunak badira generoari dagokionez: emakumezko pertsonaia indefinitu eta problematizatua, umore maskulinoa, familia eta bikote harreman tradizionalen presentzia eta pisua... Oraindik orain, bertsolariek hartutako rolek eta eraikitako pertsonaiek orokorrean jendartean nagusitzen diren ereduak erreproduzitzen dituzte.

Aurrera begira jarrita, berriz, aldaketak izango direla uste dut, genero ikuspuntua lantzen ari delako bertsolaritzan, izan bertsolarien artean, gai jartzaileen artean, bertso eskoletan… Bertsozaleen artean egiteko beharra ere badago noski, eta hau da beharbada eremu zailena. Lanketa honek guztiak bere fruitua emango du berandu baino lehen, eta egunotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari denez, aukera polita dugu honetaz hausnartzeko!

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea