Berriak

Jexux Larrañaga: “Bertsolaritzak gure mundu propioa osatzeko balio du”

Txapelketen irakurketa antropologikoa eta bertsolarien arrazoitzeko modua izan ditu langai Antropologia Sozialean doktore Jexux Larrañagak tesian

 

"Bertsolariak, orokorrean, gizarte interpretatzaile oso onak dira". Horixe dio UPV/EHUn Antropologia Sozialean doktore den Jexux Larrañagak (Mendaro, Gipuzkoa, 1961). Egun, Donostiako Bigarren Hezkuntzako institutu batean ari da lanean, eta, horrez gain, ikertzaile bekadun bezala aritu da UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean. Bertan, Jolas sakona: txapelketaren prozesu errituala eta bertsolariaren arrazoi sortzailea XXI. mendeko agoran izeneko tesia egin zuen.

 

Ikerlan horretan oinarrituta, UEUren Uztaro aldizkarian Txapelketaren gertaera errituala: euskal kulturaren sinbolo giltzarria” artikulua argitaratu du. Txapelketaren izaera, alderdi sinbolikoak eta kulturalak ditu hizpide, baita euskal kulturak eta hizkuntzak ze eragin duen ere.

Txapelketaren gertaera errituala: euskal kulturaren sinbolo giltzarria” artikulua argitaratu berri duzu Uztaro aldizkarian, UEUrekin. Zein da artikuluaren helburua?

Txapelketaren irakurketa antropologiko bat egitea izan da artikulu horren helburua, hain zuzen, txapelketaren gertaera dinamika kultural baten baitan eta testuinguru zabalago baten baitan kokatuz. Enrique Pichon Riviere psikiatrak dioenez, edonolako gertaera batek, eta areago giza gertaera baldin bada, ez du askorik adierazten bere horretan banatuta edo isolaturik hartuz gero. Haatik da garrantzitsua txapelketaren moduko giza gertaera bat ekoiztu duen testuinguruaren baitan lanean jartzea, hau da, interpretatzea. Horixe baita antropologian gertaera bat “esanguratzea”: zentzu bat eraikitzea, osotasun baten baitako zati bat den heinean. Txapelketa, hortaz, ekosistema kultural zabalagoaren lagin bezala ulertu daiteke. Eta ulerkera horrek azalpen antropologikoa egiteko balio digu.

 

Nondik datorkizu gai hau jorratzeko nahia?

Uste nuena zera zen: txapelketaren distira eta ikusgarritasuna bakarrik hartuz gero, masa kulturak eta kontsumo gizarteak promozionatzen duen lehia eta folklore hutsezko gertakizun batean ulertzeko ikuspuntua nagusitzen zela, edo horrela bakarrik ikusteko arrisku bat behintzat bazela, hau da, joko hutsa. Baina horren arabera, bertsolari lehiakideak irabazi ―gizarte-arrakastaren oinarria da egungo balioetan― edo galdu ―gizarte porrotaren oinarria― bakarrik egin zezakeen. Hortaz, nire interesa izan da lehiaren alderdi estuena den hori ukatu gabe, txapelketaren alderdi kulturala sakontzea eta gertaera hori testuinguru baten baitan kokatzea edo lanean jartzea. Hau da, txapelketak egun betetzen duen funtzio kulturala testuinguru batean kokatzea, eta, hain justu, kultura eragilearen esparruan. Eta hori txapelketa testuinguruan jarriz soilik egin nezakeen, eta bi norabidetan jarri dut testuinguruan: iraganari begira eta orainari begira.

 

Zein da euskal txapelketen ohiko profil sinboliko eta kulturala?

Profilaz galdetzean, gertaera eszenaratzeko moduaz ari zara, hau da, gizarte eszenan txapelketa ikusteko edo “ikonizatzeko” moduaz, eta bistan da egun eszena horrek baduela garaikidetasuna eta indarra. Proiekzio handia hartzen du, eta komunikabideen eragina eta oihartzuna inoizko zabalena eta landuena da. Txapelketa goi mailako gertaera da, eta badu kanpoko beste herrialdeetako jakin-mina pizteko haina interes, eta hori oso-oso interesgarria da. Hori dela eta, uste dut txapelketaren irudia beti egon dela garaian garaiko gizarte ezaugarriari lotuta, eta txapelketak oso ondo asmatu izan duela tradiziotik modernotasunera edo gizarte garaikidera bidea egiten, egokitzen, alegia.

Hala ere, ez ditu utzi baztertuta berezko elementu estetiko eta erritual iraungarrienak. Hau da, egungo parafernalia guztien kontrastean, ahotsa eta hitza bakarrik darabilzkiela; isiltasunaren konplizitatea behar-beharrezkoa egiten da, eta isiltasuna taldean bizi da. Gero bertsolariaren irudi soil eta zurrun berbera dago, denboran iraunarazia, bera bakarrik hainbeste jendearen aurrean; iraganeko doinu berberetan kantari ari da, baita berrietan ere, baina elementu guzti horiek balio bat erakusten dute: kode baten baitan uler litekeen kultur balio bat, zehazki, giza talde baten harreman balio bat da. Txapelketaren gertaerak edo eszena kulturalak harreman balio hori elikatzeko balio du, beraz; eta hori da talde kulturalaren balio antropologiko bat. Egungo eszena garaikidean, ondo funtzionatzen duen profil sinbolikoa da, identifikazio kultural garrantzitsu bat sortzeko ahalmena duelako.

 

Iraganeko eta egungo txapelketek badute desberdintasunik sinbolikotasun kulturalari dagokionez. Zergatik?

Gaurko eta iraganaren arteko txapelketan, ezin da berdina izan, ez erlijioaren eragina, ezta genero arteko harremana ere. Ildo horretan, esan daiteke txapelketak garaian garaiko gizarte prozesuaren lagin txiki bat azaleratzen duela, eta lagin hori osotasun batean txertatzen dela, gizarte prozesuan, alajaina. Berdina gertatzen da formazio diskurtsibotik begiratuz gero. Hau da, aipu diskurtsiboan atzeman liteke mundu erreferentzialaren aldaketa hori.

Azken batean, eraldaketa kulturala, gizartearekin batera egiten da, eta edozelan ere, egungo bertsolariaren formazio diskurtsiboak erabat txertaturik daude gizarte gaietan, begiratu besterik ez dago darabilten gaitegia eta ipintzen zaizkien gaiak. Haatik, bertsolariak orokorrean gizarte interpretatzaile oso onak dira, eta gizartea asko pentsatzen dute, baita zapaldu ere herriz-herri ibiltzen direnean. Hori da haien ariketa intentsiboa. Gai batzuetan, entzuleen aurretik joango dira, baina, orobat, gizartearekin batera egiten den aldaketa da. Adibidez, gaur, anakronikoa litzateke euskararen salbazioa jainkoari eskatzea Basarrik egin ohi zuen bezala, edota Ama Aberria edo Ama Lurra moduko arketipo kulturalak Ama euskara funtzio berdinean erabiltzea. Baina bere garaian, bazuen zentzua.

 

Txapelketa lehia hutsera murriztuz gero, zentzurik gabea izan daitekeela diozu. Txapelketak ze aldagai edo ezaugarri izan behar ditu bere baitan, mugapen hori ez gertatzeko?

Beharbada ez da hainbeste txapelketari egin behar zaion kritika, baizik eta guk txapelketa begiratzeko erabiltzen ditugun betaurrekoei. Txapelketak biltzen du tradiziotik metatu duen balio antropologiko bat, eta, ondorioz, testuinguru berezi bat sortzen du, ikusmin berezi bat. Eta ondo dago hori erabiltzea euskal mundua promozionatzeko eta ikusgarriago egiteko. Txapelketaren mugetaz hitz egitean, baina, nire ustez, lehia hutsa bezala hartzen denean gertatzen da hori nabarmenago. Hain zuzen, nik uste dut txapelketa lehia bakarrik bezala ikusten dugunean azaltzen dela, eta, orduan, norgehiagoka zentzurik gabea izan daiteke.

Hau da, jarriko al genituzke bi idazle edo bi kantari elkarren arteko lehian nor den hobea erabakitzeko? Bertsolaria funtsean sortzaile bat da, eta aintzat hartu behar zaio bere horretan; adibidez, finalean aritzen den goi mailako bertsolariak guztion aitortza du, baina, halere, lehian nahi ditugu. Baina lehia horrek baditu alderdi oso onak ere, eta asko motibatzen du bertsolaria bere onena ematen, nahiz eta asko sufrituko duen. Horregatik da paradoxikoa, hau da, txapelketak mugak baditu, baina onurak ere bai. Eta onura handiena, beharbada, gaur eta hemen betetzen duen funtzio kulturala da. Beraz, txapelketak funtzio kultural bat betetzen badu, hori da baloratu behar zaiona beste edozeren gainetik, zeren jarrera kolektibo horregatik mereziko du sufritzeak; bestela, ez.

 

Bestetik, txapelketetan, hizkuntza komunikazio-tresna hutsala ez delakoan zaude, berarekin mundu ikuskera oso bat dakarrelako. Hizkuntza aldatuz gero, txapelketaren ikuskera aldatu egiten da?

Hizkuntzaren dohaina da mundu-ikuskera bat ematea, ez txapelketarena. Wittgensteinek zioenez, hizkuntzaren mugen baitan dago gure mundu figuratiboa, eta, funtsean, kultura bakoitzak egin duena izan da mundua den galdegaiari norberetik erantzun eta pilatutako erantzunen multzoarekin ikuskera bat osatu. Hori guztia hizkuntzaren bidez egiten dugu, eta mundu errepresentazio-alean islatzen dugu; askotan, emozioen mundua da, baita pasiozkoa ere. Horregatik da testuinguru hain egokia bertsolaritza, munduari buruzko metaforak egiteko eta mundua birsortzeko balio digulako; kasu horretan, gure mundu propioa osatzeko. Hizkuntzaren baitan dagoen mundu bat jaso, eta ondorengoei eman ahal izateko, eta hori guztia gure hizkuntzaren bidez egiten dugu. Hizkuntza da, hortaz, izaera kulturalaren ardatz egituratzailea, eta hori guztia islatzen du txapelketak edo ordezten duen ekosistema kulturalak. Beraz, hizkuntzak egiten gaitu. Garena gara hizkuntzaren bidez eta hizkuntzarekin batera. Edo bestela, ez gara, edo izango gara, baina beste bat, ez gu.

 

Txapelketak dituzu artikuluan langai, baduzu epe laburrean gai horrekin lotutako proiekturik edo beste ikerlanen bat duzu esku artean?

Bai, izan ere doktore tesian egindako lanarekin liburu bat argitaratu nahiko nuke: alde batetik, atal etnografiko bat izango lukeena, eta, beste alde batetik, saiakera bat izango lukeena, Uztaroko artikuluan egin dudan bezala.

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du"

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea