Berriak

Jon Mentxakatorre Odriozola: “Erlijioa atetik bota dugu, eta leihotik sartu zaigu”

Jon Mentxakatorre Odriozolaikertzaile galdakoztarrak “Erlijioaren itzulera eta mitoaren berreskuratze semantikoa” artikulua argitaratu berri du Uztaro aldizkarian. Filosofia eta Erlijioen Historiarekiko atxikimendu berezia akuilu, Ikastola garaitik argi zeukan kulturaren nondik-norakoetan sakondu nahi zuela, eta mendebaldeko tradizio luzeak erakarrita erabaki zuen Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasketakhautatzea: “Hizkuntza ondo ezagutzea ezinbestekoa delako hausnarketarako; izan ere, euskaratik eta euskararen gainean pentsatzeak oraindik jorratu gabeko bide asko zabaltzen ditu”. Unibertsitateko lehen urte haietatik argi izan zuen ikerketarenmunduan murgiltzeko xedea; horregatik, Euskal Nazionalismoa aztergai duen UPV/EHUko graduondokoa egin ondoren, doktoretzako ikasketak egiten dihardu egun -J.R.R. Tolkien filologoaren metafisika eta estetika ditu aztergai, hain zuzen-.

Jon Mentxakatorre Odriozola

Erlijioaren itzulera eta mitoaren berreskuratze semantikoa” artikulua argitaratu berri duzu Uztaro aldizkarian; zer aurkituko du irakurleak bertan?

Lehenbizi, arrazoi modernoari egindako kritikaren sintesi bat, logos poietikoaren ekarpenaren azalpenaz gain. Horri jarraiki, erlijioak egun hartutako itxuraren berri aurkituko du irakurleak, erlijiotasunaren eta arrazoi sinbolikoaren gaineko azalpenekin batera. Azkenik, mitologiak egun daukan tokiaren zehaztapena igortzen du testuak.

Labur esanda, arrazoi modernoak mundu sakratua ezeztatu zuen: transzendentzia eta balio-iturririk gabe utzi gintuen. Mitoa eta erlijioa ahaztu edo estali beharreko gaiak bilakatu ziren, baina ezerk ordezkatu ezin dituela jakin dugu, beste era batera azaldu ezin dena helarazteko gai direlako. Postmodernitatearen ezaugarri den aniztasunaren onarpenak, eremu misteriotsuaren eta sinbolikoaren hatsarreak eta metodologia zilegitzat hartu dituenez, erlijioaren ekarpena ahalbidetu dela eta mitoaren mezuak garairako garrantzitsutzat jotzen direla baieztatzen du testuak.

Zer dela eta hurbildu zinen gai honetara?

Euskal Herrian dugun gabezia izugarriagatik hurbildu nintzen gaira. Erlijioa, eguneroko osagaia izatetik, zaraman egotera igaro da, belaunaldi gutxitan. Nire kezka baztertuta mantentzeko egiten dugun ahaleginak piztu zuen. Erlijioa kulturaren oinarrietan dago, haren hasiera ez bada. Hura ukatuz, hutsune eta zentzugabekeria ugari azaltzen zaizkigu. Dena den, itsututa gaude egoera horrekiko. Zergatik ez dugu, bada, Euskal Herriko Unibertsitatean, “Erlijio Zientzien Institutu” modukorik? Ez al dugu munduko erlijio ezberdinen tradizio sakona egungo ikuspegiaren argitan irakurriko? Kultura handiak eta txikiak bermatu dituzten testu sakratuak ez al ditugu elkarrizketan jarriko? Gure gizarteetako kultura aniztasunak sortzen dituen erronkak ez al dira erlijioen argitan ere kudeatuko?

Oso atzeratuta gabiltza hemen arlo horretan. Ikasketa eta ikerketa eremu oso bat, kulturen arteko ulermenaren eta harremanaren onerako ekarpen ederrak egingo lukeena, gure zereginen zerrendatik kanpo dago. Horrelakorik pentsaezina liteke beste herrialdeetan.

Idatziarekin, nire helburu nagusia gaia mahairatzea izan da. Erlijioak badaki bai instituzioak berritzen, bai haietatik at bere ekarpena ematen, eta iker-eremu zabala da herrialde askotan. Are gehiago arrazoi modernorekin batera lan egiteko prest dagoenean. Noiz izango dugu, bada, hemen?

Erlijioa era berritu batean itzuli da zure hitzetan, erlijiotasunaren bidez hain zuzen; zein da aldea?

Erlijioak eraldaketa handia jasan du. Krisi instituzional batean dago Mendebaldean; Elizari begiratzea besterik ez dago. Baina horrek ez du esan nahi desagertu denik; esan bezala, gauza batzuk adierazteko eta beste batzuk iradokitzeko era berezia daukalako. Gure garaiaren ezaugarria da, hain zuzen, erlijioa epistemologia-bidetzat hartzea, jakituria lortzeko bide aniztasuna onartzen baitu postmodernitateak. Horregatik, erlijiorik gabeko erlijioaz hitz egin genezake gure gizartean, egitura historikotik at gizakiak bere alde espirituala lantzen jarraitzen baitu, askatasun osoz. Beste hitz batzuetan esanda: gizarte posterlijiodunaz mintzo gaitezke, erlijiotasuna sistema instituzionaletik at bultzatzen baita, izatearen eta izakien aurreko lilura berreskuratu delako.

Hitz gutxitan esanda, erlijioaren ikuspegi egituratua –sistema legez– desagertu egin da, arlo publiko eta pribatuan. Sinesmen erlijiosoa norberaren esku dago, eta horrek berrikuntza ikaragarria esan nahi du: eremu semantikoa handitu egin da, misterioaren eremua arakatzeko gaitasuna (erlijiotasuna) sinesmen- eta praktika-sistema eratuetatik kanpo zilegi delako.

Arrazoiak ez digu balio izan eta horregatik jo dugu berriz ere erlijiora?

Ondo azaldu behar da hori. Alde batetik, arrazoia eta erlijioa ez dira mutur ezberdin bi. Lehena pentsamenduaren gailu da –bigarrenarena ere, ondorioz–, baina printzipio ezberdinek gida lezakete. Analisian bakarrik oinarritzen den arrazoiak eremu oso zabala ukatzen du definizioz; analizagarri ez den oro, alegia. Non geratzen da, beraz, sinboloaren eremua, adibidez? Sinboloak bere osagarri den beste alde bati deitzen dio, eta hura alboratzea oraindik objektu ez den edozeri ezetz esatea da. Azken mendeetako arazoa da, hortaz, ezagutza lortzeko eta bermatzeko hainbat tresna izatetik, batzuk guztiz alboratzera igaro izana, behin eta berriz. Horretaz ohartu direnek erlijioaren eremu semantikoa hartu dute berriro aztergai, ezagutza iturri. Eta eremu hori bere gaitasun-sinbolikoan tratatzen da orain, arrazoi modernoarekin harremanetan. Beraz, gure arrazoi logikoari, arrazoi sinbolikoa gehitu zaio bidelagun legez ezagutzarako bidean.

Erlijioaren itzuleraz mintzo zara, baina ez al ditugu gure aurreko belaunaldien erlijio lotura hertsi haiek askatu eta, gutxika-gutxika, jendarte laiko baterako urratsak eman?

Kulturaren edozein arlok garaian-garaian egokitu beharra dauka. Erlijioak bere aurpegi soziala eta politikoa ere badu, eta horren aldaketa nabarmena gertatu da, azken mendean batez ere. Egun, alde sozio-politikotik, erlijioak ez du indarrik gure artean, baina horrek ez du adierazten erlijioaren arrazoia eta zeregina baliogabetzen direnik. Izan ere, guztiz aurkakoa gertatzen ari da: era berriak aurkitzen ditu adierazpenerako, orain arte ezagututako instituzio garrantzitsuetatik at. Horretan datza bere itzulera: atetik bota eta leihotik sartu zaigu. Sistema legez egitura galtzen ari da, ezagutza-bide izateko erabilgarritasunik galdu gabe, eta horrek gero eta askatasun gehiago esan nahi du.

Bestalde, esan beharrik ere ez dago sekularizazio prozesuak laikotasuna ekarri duela. Hala ere, horrek ez du adierazten gauza orotan hobera egin dugunik. Akatsak agertzen ari dira, gure tradizio humanista eusten duen euskarrietako bat alde batera utziz, gure ideiak eta zentzua eduki gabe gelditzen direlako; etika eta politika aldakorrak bilakatu zaizkigu, haririk barik. Horregatik, hainbat erabakitarako baliorik ez dugunez, sortzen duguna harrigarria da. Pentsa Siriatik Europara etorritako errefuxiatuekin gertatzen ari dena.

Mito edo kontaketa erlijiosoen eremu semantikoa zabaldu egin omen da; zertan atzeman dezakegu zabalpen hori?

Jada ez dira prisma estrukturalista edo dekonstruktibista batetik soilik begiratzen. Haien berezko artelan izaera onartu zaie berriro, eta bere horretan aztertzen ditu ikerlariak.

Ipuin maitagarriek, kontakizun erlijiosoek, mitoek… egia hitzaren erabilera berezi batez azaltzen dute, poesia (sormena) eta aplikagarritasuna haien gidari izanda. Izaera ematen dioten ezagutzak eta edertasunak mezua logika sinboliko batez azaltzeko aukera onartua dute berriro. Horregatik diogu kontaketen eremu semantikoa zabaldu egin dela: txikituta, estututa, egon delako arrazoi modernoaren behean, eta bere hedapena berreskuratu duelako. Mitoari hitzak egia era eder batean esateko daukan gaitasuna onartuta, mitologiaren esangura itzel handitu da.

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea? Zer suposatzen du?

Gaztetasuna izaera da, oro har. Baina, adinari helduz, ikertzaile gaztea ikerketan hasi berri dena da. Ikerlari edozein izan daiteke, ume zein heldu, baina teknika eta metodo batzuk bereganatu behar ditu. Horiek direnak direla, ikertzen bere lehen urteak ematen ari den ikerlaria da ikertzaile gaztea. Zera suposatzen du horrek: ibilbide luzeagoa egin dutenei adi egon beharra, nahita edota nahitaez. Borobil esanda, ikerlari gaztea bere grinak gainontzekoentzat ekarpen bihurtzeko gai den hasi berria da, ikasle soila izatetik maisutzarako bidean lehen urratsak ematen hasi dena.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea