Berriak

“Arkitektura gure bizipenen edukiontzia da”

Aldiri Arkitektura eta Abar aldizkariaren 38. zenbakian “Memoriaren espazioa” landu dute. Ianire de Andres Olabarria eta Ander Zangitu Orbea arkitektoak izan dira azken ale honetako arduradunak.

Memoriaren espazioa. Zenbat kontakizun gordetzen da espazioetan?
Espazioak gordetzen ditu guk gogoratu nahi ditugun kontakizunak, ez gehiago eta ezta gutxiago ere. Ingurune fisikoak berez ez dauka memoria gordetzeko gaitasunik. Aztarnak izango ditu, denboraren poderioz gertakizunek utzitako orbainak, formak eta itxurak; baina pertsonak gara (modu indibidualean zein kolektiboan) traza horiei ikusgarritasuna ematen diegunak. Hautu pertsonala (eta kolektiboa) da lekuaren errelatoa eratzea; alegia, historiaren memoria aukeratzea, eta leku jakin batekin lotzea.

Memoriaren sorkuntzan arkitektura zein hiria faktore eragileak direla diozue..
Esan daiteke gure bizipenen edukiontzia direla. Bizipen desberdinak gogoratzen ditugunean denbora eta espazio batean ezartzen ditugu. Denboraren lerroa lausotu egiten da eta espazioa aldiz ez. Hor arkitektura eta espazioak garrantzia dute; memoria eraikitzeko elementuak eta erreferentziak dira. Xabier Gantzarainek honela dio zenbakian: “Memoriarentzat lekua oso klabea da. Lekua aldatzen denean, zure memoria balantzan sentitzen duzu”. Memoriaren eraikuntzan arkitekturek eragiten dute; kontakizuna transmititu, gorde edo islatzeko funtzio baitute.

Zerk eraman zaituzte gai hau aukeratzera?
Urteak dira memoriaren kontuak presentzia berezia duela, baita Euskal Herrian ere; eta iruditzen zitzaigun harreman estua dutela espazioaren lanketak eta jendartearen memoriaren errelatoak. Interesgarria egin zaigu ikuspegi hori gurera ekartzea eta ekarpena egitea Aldiritik.


Zein ertzetatik landu duzue gaia? Zein eratako ekarpenak jaso dituzue?
Memoria ikusezinei begi bistakoei adina leku ematetik landu da: forma, baliabide eta kontakizun askotarikoak baitaude. 38. zenbakian memoria eta espazioaz arituko gara, bere osotasunean eta iragazkirik gabe. Horren adibide da zenbakiaren oparotasuna, ikuspegi eta diziplina anitzak jorratu baitira: aztarna ikusezinak euskal gatazkan, Itoizko urtegiaren dokumentala, espazio publikoa eta memoria, Joseph Hiriart arkitektoaren lanak, Gernika 2037, soinu-objektua espazioaren memoriaren lekuko…

41. alerako lanak aurkezteko deialdia ere martxan duzue. Zer da landu nahi duzuena?
41. zenbakia da 2020an argitaratuko den lehena eta Topaketen Kartografia serieari segida emango diona. Aldiriren bokazioa bat bada euskal komunitatearen jardunaren bozgorailu izatea, eta zentzu horretan, 41. zenbakian jasoko dugu 2019an arkitektura eta hirigintzaren inguruan landutakoaren uzta: topaketak, jardunaldiak, lehiaketak, tesiak… 2019an esparru publikoan jazotakoaren bilduma izango da Aldiri 41.

Nola animatu jendea idaztera, parte hartzera?
Norbanako bakoitzaren ikuspegi eta iritzia interesatzen zaigu. Pertsona orok zerbait du esateko. Askok uste dute arkitektura gai oso arrotza dela baina uste dugun baino presenteago dago gure bizitzetan. Konplexurik gabe gerturatu eta idatzi; Aldiriko ateak zabalik daude jendearen ekarpenak jasotzeko; eta are gehiago arkitekturatik kanpo datozenak!

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea