Berriak

“Kazetaritza etengabeko interpretazio ariketa da”

“Berrien Idazkera. Albistea lantzeko oinarrizko esku liburua” argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan. 2013an argitaratutako “Kazeta-idazkera: arauak eta estiloa hitzen jokoan” liburuaren moldaketa dugu liburu hau, Alazne Aiestaran Yarza eta Jose Mari Pastor Gonzalez UPV/EHUko kazetaritza saileko irakasleek egindakoa. Berez, Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak eta Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduak egiten ari diren lehenengo mailako ikasleei dago zuzenduta.

 

 

2013an argitaratutako “Kazeta-idazkera: arauak eta estiloa hitzen jokoan” liburuaren moldaketa da hau. 8 urte hauetan zer aldatu da?
Oinarrian ez dira gauzak larregi aldatu. Gure ustez, albisteak hedatzeko euskarriak ugaritu eta egokitu dira eta Internetek eta sare sozialek indar handiagoa hartu dute berrien kontsumoan, edo hobeto esanda, tituluen kontsumoan. Aitzitik, kazetaritza egitea, kazetaritza arduratsua eta etikoa egitea, ez baitugu beste modurik ulertzen kazetaritza egiteko, ez da funtsean aldatu. Irakaskuntzan baliagarriak izan daitezkeen eta aurreko liburuan ez zeuden zenbait kontu gehitu ditugu. Esaterako, kazeta-generoei buruzko gai bat, euskal komunikazio esparruan izan diren aldaketak, gertakariak albiste bilakatzeko irizpideak moldatu ditugu eta gai gehienetan ikasleek ikaste-prozesuan egiten dituzten ohiko akatsen atala sartu dugu, besteak beste.

Norentzako eskuliburua da?
EHUko Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak eta Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduak egiten ari diren lehenengo mailako ikasleei dago zuzenduta liburua; izan ere, Berrien Idazkera ikasgairako erabiltzen dugun eskuliburua da.

Zer aurkituko dute liburuan?
Aipatutako Graduetako lehenengo mailako ikasleek lehenengo lauhilekoan kazetaritzara lehenengo hurbilketa egiteko aukera aurkitu dute liburuan. Hots, kazetaritzaren ezaugarri, teknika eta baliabideei buruzko ikuspegi orokor bat.

Kazeta-estiloak berezko oinarri eta arauak ditu. Nolakoa behar du?
Gure ustez, argia, zehatza, xumea eta erakargarria. Nola lortzen da hori? Entrenamendu askorekin, hizkuntza ondo menperatuz eta asko idatzita.

Zer da albistea, eta zer ez?
Hedabide bakoitzak erabakiko du hori, bakoitzak bere betaurrekoekin ikusten baitu mundua. Hala ere, albistearen definizio ezberdinak kontuan hartuta, albiste izateko hiru osagai edo ardatz ezinbestekoak direla uste dugu guk: gaurkotasunari lotua egotea, interes orokorra izatea eta gertaera edo egitean oinarria izatea. Egia da gaur egun sasi albiste gehiegi daudela, esaterako adierazpenetan oinarritutako albiste asko eta asko.

Iturririk gabe ez dago kazetaritza egiterik. Ez al dago iturri gehiegi gaur egun?
Hala da. Iturriak dira kazetariaren lanerako lehengai ezinbestekoak. Gehiegi baino, aukeratzen jakin behar dela pentsatzen dugu. Hots, denak ez du balio, ondo aukeratu behar dira eta, noski, fidagarriak izan behar dute. Iturri onak lortzeko, denbora behar da, patxada eta pazientzia eta gaur egun, horiek ez dira lar praktikatzen.

“Kazetariak ikusten duen moduan ikusten baitu mundua, eta azaltzen duen moduan azaltzen baitu hura”...
Une oro interpretatzen eta baloratzen du gizakiak inguratzen duena. Hona begiratu, hari so jarri, hura gogoan hartu… Esan ohi denez, nork bere begiekin ikusten du mundua. Eta hala da, edo… agian, ez. Zeren, ikusi, begiekin baino buruarekin ikusten baita. Ikusi, den-denek ez dugu zer bera ikusten, zer beraren aurrean jarrita ere. Horregatik diogu interpretatu egiten dugula mundua, inguratzen gaituen hori. Diskurtsoa eraikitzean, alegia, ikusi den hori azaltzean, nork bere hitzak dauzka, bere ikuskera propioari erantzuten diotenak. Horregatik diogu kazetaritza etengabeko interpretazio ariketa dela eta ezinezkoa dela erabateko objektibotasuna lortzea.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea