Berriak

Pako Sudupe: “Lopez Adanen borrokaren eta ideien berri emanez, euskal orainaldiari eta etorkizunari ekarpen xume bat egitea da helburua”

Pako Sudupe Elortza“Emilio Lopez Adan: euskal iraultza libertarioaren pentsalari” liburua argitaratu berri du UEUrekin eta UPV/EHUrekin koedizioan.

 

 

 

Memoria kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan duzu liburuaren sarreran...
Bai, axolazkoena etorkizuna da, baina atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, eta edozein herriren kasuan iragana garrantzizkoa bada, gure kasuan, are gehiago, dudarik gabe.

Ekar gogora, esaterako, Frantzia baten, iragana oroitzeari zer-nolako garrantzia ematen dioten. Frantziaren alde gerretan hildakoen aldeko zenbat monumentu daude edozein herri koskorretan, eta zer esanik ez, hiri handietan? Zenbat pertsonaia historikoren izenak ikas ditzakegu kale-izenei erreparatuz? Espainian ere oroimenari eskainitako monumentu askotxo dago, Madril ondoko Eroritakoen aldeko Monumentu lotsagarria barne. Eta, jakina, harrizko monumentuak bezala, letrazkoak ere, hainbat eta hainbat historia-liburu eta pertsonaia erreferenteei eskainitakoak!

Gure kasuan ez daukagu estaturik, euskal curriculumik apenas... Gure herriaren historiaren eta literaturaren ezagutza oso mugatua da. Ez zait gehiegizkoa iruditzen esatea, gure kasuan, iragana ahaztea suizidio kolektiboa dela etorkizun itxurazkoa izan nahi badugu, erdal itsasoan diluitu eta suntsitu gabe.

Hainbat biografia idatzi dituzu zure ibilbidean. Zerk egiten du Emilio Lopez Adanena berezi? Zerk eraman zaitu beregana?
Emilio Lopez Adan (1946), Txillardegi (1929) eta Eusebio Osarekin-eta (1936) lotzen dut. Hirurak ere 36ko gerra zibilak eta batez ere frankismoak asko markatuak. ETAren fundatzaileetarikoa eta militante Txillardegi hamar bat urtez (1958-1967), eta Lopez Adan ere etakide hamar bat urtez (1964-1974). Joxe Azurmendik gonbidatu ninduen aipatu ditudan hirurak aztertzera, nik galdeturik zein zeuden egun ahaztuak garai batean erreferente izandakoak.

Frankismoaren garrantzia bistan dago hiru autore hauen kasuan; eta bi borroka nagusi: borroka nazionala eta borroka soziala. Espainiako diktadura inperialistaren aurkako borroka independentista (Euskal Herria, Katalunia, Galizia) eta kapitalismoaren aurkako borroka sozialista-komunista.

Txillardegi, bereziki, borroka nazionalean nabarmendu da: independentista, zazpi probintziaren errebindikatzaile eta euskararen balio politikoarena. Eusebio Osa, bereziki, borroka sozialean: OIC-EKE (Organización de Izquierda Comunista. Euskal Komunisten Erakundea 1974-1979); autodeterminazio eskubidearen alde, baina Espainiako estatuan iraultza sozialaren alde. Marxista-leninista. 80ko hamarkadan euskalgintzara iraulia: “Euskara da gure aberria” zioen. Emilio Lopez Adan populu askeen federazio librearen aldeko, komunismo libertarioaren aldeko, munizipalismoaren aldeko, eta Euskal Herria berreuskalduntzearen aldeko, besteak beste.

Hiru zatitan banatu duzu liburua. Zer da bakoitzean aurkituko duguna?
Lehen partean, Lopez Adanen biolentzia politikoaren memoriak aletzen dira. 1964-1974 artean ETAn, 1964-1968 aberrian; eta 1968-1976 bitartean, Bruselako erbestean. Erakundean sartuen 1967ko udaberritik 1968ko udazkenera egon zen; eta Franco hil ondoan, LAIA EZ, autonomo libertarioekin. Lehen parteak 80ko hamarkadaren erdialderainokoa hartzen du, ETA bakarra gelditu bitartekoa. Alde ideologiko-intelektuala nagusitzen da, baina alde teorikoa praktikarekin oso lotua.

Bigarren partean, iraultzaren eta bortxaren arteko harremanei buruz adierazitakoak biltzen dira. ETAren faseak ondo bereizten dira, frankismotik hasita; eta Lopez Adanen iritziak analista politiko frantses eta amerikarrekin-eta erkatzen dira. Asko markatu gaituen gaiari buruz, argudio eta ikuspuntu ugari eskaintzen du gasteiztar angelutartuak, askatasun eta erantzukizunetik.

Hirugarren partean, etorkizunari begira interesgarriak izan daitezkeen ideiak jasotzen dira: nazioa eta estatuaz, nazionalismo eta humanismo unibertsalaz, demokrazia eta naziotasunaz, Frantziako Iraultza eta Hexagonoko nazio ukatuez; Ezker Abertzalearen estrategiaren analisi historikoa eta Espainiako Gobernuarekin ETAk izandako negoziazioena; literatur erreferentzia eta intelektual hurbilen gainekoak: F. Krutwig, M. Legasse, F. Likiniano, Txillardegi, Jon Mirande...

Zein da liburuaren azken helburua?
Emilio Lopez Adanen borrokaren eta ideien berri emanez, euskal orainaldiari eta etorkizunari ekarpen xume bat egitea.

Jakina, liburu honetan ez dago Lopez Adan osorik, inondik ere. Lopez Adanen jarduera bereziki intelektualera hurbilpen bat da liburu hau. Xumea bezain ezezaguna garaikide banaka batzuentzat izan ezik.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea