Berriak

UEU liburu digitalak argitaratzen hasi da

Paperean ez ezik, euskarri elektronikoan ere erosi daitezke dagoeneko UEUren liburuak. Oraingoz PDF formatuan topatuko ditugu 2011an argitaratutako liburuak, baina laster EPUB bezala ere eskuratu ahal izango dira. Etorkizunari begirako apustua

Hemendik aurrera, beraz, paperean ez ezik, euskarri digitalean ere eskainiko ditugu gure liburuak. PDF formatuarekin hasi gara, baina 2012 urtean zehar EPUB formatua ere martxan izatea espero dugu. Une honetan, 2011ko liburuak paperean zein euskarri digitalean eskuratu daitezke web guneko DENDA ataletik (www.ueu.org/denda). Hala ere, kasu konkretu batzuetan liburu elektronikoa bakarrik daukagu salgai, "Zientzia eta teknika” liburua, adibidez. Behin liburua erosita, hiru hilabeteko epea dago liburua nahi beste deskargatzeko. Gainera, aurrerago editatuko ditugun ePUBek ez dute DRMrik izango (jabego intelektuala duten artxiboen kopiatzea galarazten duten teknologia). Horrez gain, behin deskatalogatzen (gutxi gorabehera argitaratu eta hiru urte pasatu ondoren) direnean libre deskargatu ahal izango dira Buruxkak liburutegi digitaletik.

Prezioei dagokionez, paperezkoarekin alderatuz, liburu digitala %35 merkeagoa da, produkzioa bera merkeagoa delako eta eduki hau ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz.

Gogoratu behar da, hala ere, UEUk euskarri digitalean dagoeneko pauso batzuk eman dituela www.buruxkak.org webgunearen bidez. Bertan, UEUk argitaratu dituen liburu, aldizkari eta doktorego-tesiak bildu eta euskarri elektronikoan unibertsitario euskaldunei eskaintzen zaizkie, ikasteko, irakasteko, irakurtzeko eta ikertzeko erabil ditzaten. Liburuen kasuan, deskatalogatutako argitalpenak PDF modura kontsultatu eta jaitsi daitezke, eta katalogoan daudenen erreferentzia, aurkibidea eta kapitulu bat eskaintzen da. Aldizkariei dagokienez, UZTARO (Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria) eta Aldiri-ren(Arkitektura eta Abar) ale osoak kontsultatu daitezke, azken urteko zenbakiak ezik.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea