Berriak

Liburu berria UEUko webgunean

Liburu berria aurkitu daiteke UEUko webguneko dendan salgai. Izarne Lizaso Elgarresta eta Luixa Reizabal Arruabarrenak idatzitako liburua da eta Garapen psikologikoa helduaroan eta zahartzaroan izenaz argitaratu da. Psikologiako liburua da, baina egunerokotasuneko gaiak lantzen dituena.
Liburuaren barnealdeko argazkiak Aitziber Iriarte, Igor Abanzabalegi, Adur Sarasua eta Alvaro Reizabalenak dira, eta irudiak aldiz, Kepa Etxebarria marrazkilariarenak. Cuatroas Bilboko inprimategiak inprimatu du Garapen psikologikoa helduaroan eta zahartzaroan liburua, eta azalaren diseinua Nohemi Tovar eta Igor Markaidarena da. Bestalde, testuaren osaketa, Denys Gonzalez, Maite Isasa, Irantzu Iturriaga, Ainize Peña eta Arantxa Ulanga ikasleek egin dute; Ander Altuna Gabiola arduratu da hizkuntza-zuzenketez eta UEUk egin ditu banaketa lanak. Hona hemen liburuaren fitxa teknikoa eta laburpena:


Autoreak: Izarne Lizaso Elgarresta, Luixa Reizabal Arruabarrena Gaiak: Psikologia, Garapena, Nerabezaroa Jakintza-arloak: Psikologia Argitarapen urtea: 2011 Orrialdeak: 280

Eskuliburu honen helburua, helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapena ikuspuntu psikologiko batetik aztertzea da. Helburu hori lortzearren, liburua bost ataletan banatu dago. Lehenengoan, Helduaroaren eta Zahartzaroaren Garapena delako ikerketa-eremuari dagozkion oinarri kontzeptuzkoak eta metodologikoak azaltzen dira. Bigarren atalean, berriz, helduaroko eta zahartzaroko aldaketa biologikoak dira hizpide. Hirugarren atalean, ostera, helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapen kognitiboa deskribatzen da. Laugarren atalean, helduaro eta zahartzaroko garapen sozial eta afektiboa aztertzen da, eta liburuaren azken atala, bizitzaren amaierari dagokio. Hain zuzen ere, heriotzari eta doluari.

Liburua Euskal Herriko unibertsitateetan berriki ezarri den kreditu europarrera eta Psikologia graduko ikasketa-plan berrira (2010-2011 ikasturtetik indarrean dagoena) egokituta dago eta kapitulu bakoitzaren amaieran, irakurleari zenbait ariketa eta galdera proposatzen zaizkio irakurritakoa hobeto ikasi eta horren inguruan hausnartu dezan. Funtsean, liburua idatzi dute helduaroan eta zahartzaroan gertatzen den garapenera euskaraz hurbiltzeko tresna izan dadin. Orain irakurleak erabaki beharko du helburu hori lortu duten ala ez.

Liburuaren informazio gehiagorako UEUren webgunean sartzea besterik ez dago, eta bertan liburuaren kapitulu bat deskargatzeko aukera ematen da. Honetaz gain, bertan erosteko aukera ere badago, eta nola ez, liburu dendetan ere.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea