Euskal pentsamenduaren inguruko irizpiderik ezak, sistematizazio- eta transmisio-lanik ez egoteak, pentsamendu eta pentsalari arrotzen lanak bakarrik ikasi eta lantzea dakarkigu. Gureak, bertakoak, ezagutu gabe eta ahanzturan galtzen direlarik. Euskal pentsalaririk inoiz izan ez den irudi okerra zabaltzen da eta pentsamendua beti herri txiki batentzat inportatu beharreko zerbait dela ulertarazi. Baina hori errealitatearen desitxuraketa interesatu bat baino ez da.
Liburu honek, umil eta muga guztiekin bada ere, aipatu hutsune hori neurri apal batean betetzen hasi nahiko luke. Euskal Herriko pentsamenduaren azterketa eta eraikuntzan ezinbestekoa suertatzen da edozeinentzat eskuragarri eta ulergarri izango den idatzizko materiala produzitzea.Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio