UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da
euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren
berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are
gehiago gure kasuan, Ikerketan dihardugun pertsona euskaldunok,
gure lanaren parterik handiena atzerriko hizkuntzetan egitera
behartuta egonik, elkarren berri izatea zaila denean.
Ildo horretatik, UEUk hainbat arlotako adituak bildu izan ditu
zenbait ekimenetan azken hamarkadetan: Informatikari Euskaldunen
Bilkurak (11 edizio) Historialari Euskaldunen Topaketak (5
edizio), Hizkuntzalari Euskaldunen Bilkura (3 edizio),
Matematikari Euskaldunen Bilkura (4 edizio), Osasun Zientzietako topaketak (3 edizio) eta Natur Zientzietako
ikertzaileen bilkurak (4 edizio), besteak beste, horren adibide argiak
dira. Pozik esan dezakegu ikertzaile euskaldunak inoiz baino
gehiago direla, baina tamalez, haien arteko ezagutza urria da
oraindik. Hutsune horretaz jabetuta, 2010. urtean ezagutza-alor
guztiak bilduko zituen kongresu baten ideia sortu zen UEUn, eta
2015. urtean Ikergazte lehen kongresua antolatu genuen,
Durangon. 2017an bigarrena egin genuen, Iruñean, Nafarroako
Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean eta 2019an hirugarrena
Baionan. Apustu oso handia da UEUrentzat ikerketa eta euskara
lotzen duena, baina egin behar dugula sinesten dugu. Horri aurre
egiteko azken urteotan bidelagun ezin hobeak izan ditugula esan
behar dugu. Izan ere, kongresuaren edizio berri honek ondoko
bidaide eta babesleak izan ditu: UPV/EHU, Gasteizko Udala eta
Arabako Foru Aldundia. . Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak
eta Udalbiltzak ere babesa eman diote egitasmoari.
Ekimena sostengatzen
dute gainera, ondoko unibertsitateek ere: Mondragon
Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Deustuko
unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitateak. Azkenik,
nabermentzekoa da edizio honetan 14 ikerketa talde eta 9
aldizkari zientifiko izan ditugula laguntzaile.