Euskal literatura eta, oro har, euskal nobela modernoa azaltzeko, arazo edo hutsune bat aurkitu ohi dute literatura-eskolak ematen dituztenek: bibliografiarik eza. Euskal literatura, bere orokortasunean hartuta zein lan zehatzetara mugaturik, azaltzera datozen lan luze sakonak gutxi dira oraindik eta are gutxiago dira lan jakinak aztertzeko erizpide, metodologia eta lexiko egokia eskaintzen dituztenak. Liburu honen egileak, Bittor Uragak, Deustuko ERuskal Filologiako Fakultatean euskal literaturako irakaslea, hitzaurrean dioenez, liburuska hau, hein txikian baina, hutsune hori betetzen hastera dator.
Nobelaren osagaiak izenburuko liburu honen helburua ez da nobelaren toeria bat eskaintzea, nobelaren azterketan baliagarriak izan daitezkeen zenbait erizpide eta metodologia-urrats eskaintzea baino. Planteamendu orokorra, hala ere, ez da hemen agertzen, egilearen helbururako nahikoa bait zen kritiko gehienen eritzian nobelaren funtsezko osagaiak direnak, idazleak nola molda ditzakeen deskribatzea, aukerarik ohizkoenak aztertuz. Hala, egitura, pertsonaiak, espazioa, denbora eta kontalaria izeneko kapituluek osatzen dute liburuaren muina. Kapitulu bakoitzean posibilitate teorikorik ohizkoenak azaltzen dira, zenbait nobelatako adibideen bitartez argitzen saiatuz.
Hala ere, teoria hutsa eta zatikako adibideez gainera, adibide zabalagoa jartzeari komenigarri eritziz, J.A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa aztertzen da, bai nobelaren kalitateagatik beragatik, bai eta adibide egokia izateko eskaintzen dituen baliabide tekniko ugariengatik ere. Azterketa baina, ez da nobelarena, nobelaren osagaiena baizik.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio