Gauzak kontatzeko dohaina duenari aho zabal gelditzen gara begira, esaten duena adi-adi entzunaz batera. Irakurri ere gustura egiten du batek begien aurrean duen testuari erraz jarraitzen dion heinean. Adi-adi entzun edo erraz irakurri, bietan erabilitako euskara egokitzat jo dezakegu, entzulearengan zein irakurlearengan arreta sortzen duelako. Joskeraz oso desberdinak izan arren, testu egokiak diren seinale biak.
Ikus-entzunezko kazetarien ohitura zabalduenetako bat hau izan ohi da: egunkarirako egiten den testua eredutzat hartzea, irratirako eta telebistarako testua izango dela pentsatu gabe. Eta arazo bihurtzen da entzulearentzat. Unibertsitatean gero eta gehiago saiatzen da irakasleria arlo biak bereizten eta ikasleak trebatzen testu arinak, egokiak eta kontatzekoak egiteko. Ahozkotasunean oinarritutako euskara komunikatiboa lortzeko, azken finean. Hainbat eskola-ordu jasotzen duten orrialdeak dira helburu horrekin idatzi direnak. Kazetari direnei eta izateko asmoa dutenei zuzendutako lerroak.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio