Apustu oso handia da UEUrentzat ikerketa eta euskara lotzen duena, baina egin behar dugula sinesten dugu. Eta horri aurre egiteko azken urteotan bidelagun ezin hobeak izan ditugula esan behar dugu: Batzorde Zientifikoko kide eta kolaboratzaileak, edo Batzorde Dinamizatzaileko kideak, zein beste hainbat pertsona ibili dira kongresuaren antolaketan. Kongresuaren edizio berri honek ondoko bidaide eta babesleak izan ditu: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatea (UPPA) eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala (UNED); Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saila eta Udalbiltza. Azkenik, nabarmentzekoa da edizio honetan 17 ikerketa talde eta 7 aldizkari zientifiko izan ditugula laguntzaile.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio