COVID-19ak Osasun Mentalean izan duen eragina: Osasun mentala eta COVID-19a
Laburpena:
Gaixotasuna gizateriaren historiaren partea da. Gizakiaren historian, gaixotasun kutsakorrek bere protagonismoa izan dute, kasu batzuetan pandemiak sortuz. Adibideak ditugu: izurriak, gripea, hiesa, kolera. Pandemia horiek, bere eragina izan zuten bai pertsonengan bai gizartearen antolamenduan. Historiaren garapenean eragin erabakigarriak izan dituzte.
Gaur egun berriz, koronabirusa pairatzen ari gara, eta eragina izaten ari da biztanleriaren oreka emozionalean: ongizatean eta bizi kalitatean, estresean, antsietatean eta depresio mailaren hazkundean.
Baina krisi soziala ere ekarri du; beraz, herritarren osasun mentalean ekar ditzakeen ondorioei adi egon behar gara.
Oinarrizko beste kontzeptu bat kontuan hartzekoa hau da: «ez dago osasunik, osasun mentalik gabe». Horregatik, oso garrantzitsua da arreta proposamenetan alde sozialak eta ekonomikoak kontuan hartzea, pertsonaren alderdi biologikoak eta psikologikoak ahaztu gabe. Era berean, prebentzioaren eta osasun sustapenaren garrantzia azpimarratuko da, artatze sanitarioa ahaztu gabe. Beraz, sistema publiko indartsu bat behar dugu, asistentzia sistema eraginkor bat lortzeko, eta eremu guztien ekarpena bermatuz; hau da, ongizate sistema, hezkuntza, etxebizitza, enplegua eta zaintza herritarren behar orokorrei erantzuteko helburuarekin.
Desberdintasun material eta psikosozialak era egokian kudeatzeak, eragin babeslea du herritar guztien osasun mentalean, eta batez ere pertsona zaurgarriengan.
Inork ez zuen espero, mundu mailako halako osasun krisirik, eta munduko herrialdeak ez zeuden prestatuta koronabirusak eragindako gaixotasun-pandemia bati era eraginkorrean erantzuteko. Horregatik, pandemiaren kudeaketan izandako hutsuneak aztertzeko unea da, pandemiari edo aurreikusi daitezkeen olatu berriei aurre egiteko garaian, eraginkorragoak izateko.