Osagaiz 3.2 (2019)

Erditze ondorengo gernu-inkontinentzia ekidin edo tratatzeko zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamenduaren eraginkortasuna: berrikuspen sistematikoa

Laburpena:

Gernu-inkontinentzia nahi gabeko edozein gernu-ihesek sortutako gaitza da. Batez ere emakumeek pairatzen dute eta zoru pelbikoko muskulaturaren disfuntzioaren ondorioz sortzen da, eragile nagusia erditze baginala izanik. Hiru inkontinentzia mota ezberdintzen dira, baina haurdunaldiarekin erlaziorik handiena duena esfortzuak eragindako gernu-inkontinentzia da. Gernu-inkontinentzia tratatzeko hainbat teknika sortu dira. Teknika horien artean ikertuena “Kegel” ariketak diren arren, desadostasuna dago teknika horren eraginkortasunaren inguruan. Hori dela eta, berrikuspen sistematiko honen xedea erditze ondorengo zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamenduak, “Kegel” ariketak alegia, gernu-inkontinentzia ekidin edo tratatzeko duen eraginkortasuna aztertzea izan da. Hori lortzeko Pubmed eta PEDro datu-baseetan bilaketa sistematikoa egin zen barneratze- eta kanporatze-irizpideak kontuan izanda. PEDro eskalaren bitartez ikerketen kalitate metodologikoa balioztatu zen. Oro har, berrikuspenean 9 entsegu kliniko aztertu ziren. Ikerlan guztietan emakumeek zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamendua egin zuten interbentzio-taldean, gehienetan zortzi astez, eta ebaluazioa interbentzioaren aurretik eta amaitu ondoren egin zitzaien. Orokorrean, fisioterapeutak gainbegiratutako eskola jasotzeaz gain, emakumeek etxean egin zituzten ariketak ia egunero. Hala ere, uzkurketen mota, serie eta errepikapenei dagokienez, protokoloak desberdinak izan ziren ikerketetan. Ikerlan gehienetan emakumeen % 10ek baino gutxiagok utzi zuten bertan behera tratamendua, erabilitako atxikidura-estrategiei esker. Halaber, errehabilitazioaren ostean, interbentzio-taldeetan gernu-inkontinentzia adierazgarriki gutxitu zen; gainera, emakume batzuen zoru pelbikoko muskulaturaren indar-, erresistentzia- eta uzkurketa-ahalmena ere adierazgarriki hobetu zen. Ondorioz, esan dezakegu zoru pelbikoko muskulaturaren entrenamendua eraginkorra dela gernu-inkontinentzia ekidin edo tratatzeko eta, era berean, bertako muskulatura indartzeko. Hala ere, ezin izan da entrenamenduaren protokolorik egokiena zein den zehaztu.

Gako-hitzak: Gernu-inkontinentzia, Zoru pelbikoa, Entrenamendua, Erditzea, Kegel.

Urinary incontinence is defined as any involuntary leakage of urine. Women suffer more from urinary incontinence than men. Stress urinary incontinence is the more related to pregnancy. Pelvic floor muscle training (PFMT) or “Kegel” exercises are the most common technique used for the improvement of pelvic floor function. However, there is conflicting scientific evidence regarding its effectiveness for the treatment of urinary incontinence. Therefore, this study aimed to analyze the effectiveness of PFMT or “Kegel” exercises for preventing and treating urinary incontinence. To achieve this aim a systematic review was performed on the Pubmed and PEDro databases. Nine articles were found. Methodological quality was assessed using the PEDro scale. In the analyzed studies women in the intervention group performed PFMT. In most studies the duration of the intervention was of eight weeks and the evaluation of the pelvic floor was performed before and after the training. In general, women received one supervised training session and they also practiced exercises on their own. Type of contraction, series and repetition number was heterogeneous among studies. Due to the use of adherence strategies less than 10% of women left the treatment in most of the studies. Results showed that after PFMT the urinary incontinence in the intervention groups decreased significantly. Also, the strength and resistance of pelvic floor muscles was significantly improved. Therefore, PFMT is effective for preventing and treating urinary incontinence, and to strengthen the pelvic floor musculature. However, it was not possible to determine the best training protocol.

Keywords: Urinary incontinence, Pelvic floor, Training, Postpartum, Kegel.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea