“IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan” izeneko liburua argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan. 2016-2017 ikasturtean martxan jarritako “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan" izeneko graduondokoa dago liburuaren oinarrian (UPV/EHUren berezko titulua, UEUrekin elkarlanean) eta Mikel Iruskieta Quintian, Montse Maritxalar Anglada, Amaia Arroyo Sagasta eta Abel Camacho Romero graduondokoko arduradun eta irasleek egin dute editore lana.
Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten XIV. Juan San Martin beka irabazi berri du Josu Martinez Martinezek "Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza" izeneko proiektuarekin. Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua da Martinez eta Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea (UPV/EHU). Orain arte ez da idatzi euskarazko zinemaren historiarik eta aurkeztutako proiektuak hutsune hori bete nahiko luke.
Aldiri Arkitektura eta Abar aldizkariaren 38. zenbakian “Memoriaren espazioa” landu dute. Ianire de Andres Olabarria eta Ander Zangitu Orbea arkitektoak izan dira azken ale honetako arduradunak.
“Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko” liburua argitaratu dute UEUrekin Oihana Etxebarrieta Legrandek, Maria Ruiz Torradok eta Laura Vara Jimenezek. Gaur egunean, aktibismotik zein akademiatik, emakume espetxeratuek bizitzen dutena azaleratu nahi duten ikerlanen bilduma bat da liburua.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio