Edorta Arana Arrieta, Agurtzane Elordui Urkizarekin batera, UEUn argitaratu berri den “Transmedia Komunikazio Estrategiak: gaurkotasun-edukiak diseinatzeko eta hedatzeko bide berriak” liburuaren editore lanetan murgilduta aritu da buru-belarri. Komunikazioaren arloan bolo-bolo dabilen kontzeptu honen inguruan egin dugu solas UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaile arrasatearrarekin.
Maider Uriarte Idiazabalek, Donostiako Arkitektura Eskolako irakasleak, arkitektura ikasketak hautatu zituen eta pare bat urtetan aritu zen arkitekto lanetan.Hala ere, irakaskuntzarako eta ikerketarako bideari ekin zion, eta, horrela, 2015ean aurkeztu zuen hiri bazterreko paisaien interpretazioaren inguruko bere doktore tesia. Bi elkarrizketa eta artikulu zientifiko bat argitaratu berri ditu, hain zuzen, “Paisaia badator” UEUren Aldiri aldizkariaren 24. zenbakian; horien inguruan aritu gara berarekin.
Leire Milikua Larramendi ikertzaile abadiñarrak "Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak” liburua argitaratu du duela gutxi UEUrekin batera. Arkitektoa da, eta Unibertsitate Espezialista Agroekologian. Lehen sektorearen inguruko jakin-min eta ardurak eraman zuen arkitektura ikasketen karrera amaierako proiektua aitzaki harturik gaiaren inguruan sakontzera, eta orduan hasitako bideak gaurdaino dirau, formakuntza eta jarduera profesionala uztartuz. Egun, Tokiko Elikadura Sistemen eta Nekazaritzako Lurren Diagnostikoen inguruko kontuetan murgilduta dabil Urak Bide Tokiko Arkitektura eta Ingeniaritza Taldean, Ambientalia 21 Ingurumen Aholkularitzarekin elkarlanean. UEUko eta "Aldiri. Arkitektura eta abar" aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea ere bada.
Julian Maia Larretxea ikertzaile lesakarrak “Gazteek atzerakarga handiagoa nahi dute euskaraz?” artikulua argitaratu berri du Uztaro aldizkarian. Informatika eta Euskal Filologia ikasketak egin ondoren, Euskal Filologiako doktore tesia irakurri zuen 2000. urtean. Bertan, euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanak kezkatuta ekin zion ikerketari, eta orain, besteak beste, euskarazko hitzen ordenak dauka arranguratua, “bereziki garrantzitsua iduritzen baitzait puntu hori euskarazko prosa modu egokian gara dezagun, eta haren bidez komunikazio-efizientzia lor dezagun inguruko bertze hizkuntza indartsuek erdietsia duten maila berean”. Bide horretan, jendarte eleaniztunean bizi garela aipatuta, honakoa diosku: “Nahi badugu jendea euskarara ekarri edo hizkuntza hori erabiltzen eduki, nahitaezkoa iduritzen zait hizkuntza eredu erraza eta malgua eskaintzea hiztunari, horrela “desanima” ez dadin euskara erabiltzeko, bertze hizkuntzetan gauzak “errazagoak” direlakoz eta idatzizko testuak bereziki, oro har, aisago irakurtzen dituelakoz”. Gai horien inguruan aritu gara Bilboko Irakasle Eskolan irakasle lanetan 30 urte daramatzan ikertzailearekin.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio