Gorka Lekaroz (Donostia, 1969) Euskal Filologian lizentziatua, eta irakasle da Donostian. Dialektologiak aspaldi erakarri zuela aitortu du. Gainera, euskara ez ezik, Nafarroa ere famili loturengatik oso maite du, eta ziurrenik horrek eragingo zuen biak elkartzen dituzten gaiekiko interesa eta batik bat mintzo nafarrak ezagutzeko gogoa. Lingua Navarrorum bloga abiarazi zuen eta, bertan agertzen ditu Nafarroako mintzo askok egin duten bidea.
Blogaz gain, euskal mintzoei buruzko bilketa eta argitalpen ugari egindakoa da. Azkenetariko bat UEUrekin Uztaro aldizkarian argitaratutako Bidankozeko gerraosteko euskaldunak dugu.
UEUk unibertsitate-mailako euskarazko ikasmaterialak sustatzeko hiru diru-poltsarako deia egiten du. Poltsa bakoitzaren iraupena gehienez urte betekoa izango da, eta diru-zenbatekoa 1.000 eurokoa. Jakintza-arlo guztietara irekita dagoen deialdia duzu hau. www.ueu.org webgunean daude deialdiaren arauak. eta eskabide orria.
Irailaren 15etik urriaren 31ra arte aurkeztu ahalko da dokumentazioa!
Jacinto Iturbe (Getxo, 1951) Kimikan lizentziatua da UPV/EHUn, eta euskararen eta zientziaren dibulgazioarekin hertsiki lotuta egon da beti; unibertsitate horretako lehenengo Euskara errektoreordea izan zen. AEBetan ikerkuntzan ibilitakoa da, eta, ikerketa haien bitartez, Atomo bakarren detektorearen aplikazio estatistikoak: fluktuazioak eta hipotesi ergodikoa izeneko doktorego tesia aurkeztu zuen 1982an.
Horrez gain, Ekaia euskarazko eduki zientifikoak argitaratzen dituen aldizkariaren sustatzaileetako bat da, eta argitalpen ugari egindakoa. Azkenetariko bat UEUrekin argitaratutako Ingurugiroa: prozesuak eta kimika fisikoa liburua da; eskuliburu horren itzulpenaz arduratu da. Hori bai, liburuaren egileek idatzitakoaren bertsio bat egin baino, dio nahiago izan duela soil-soilean itzuli.
Txapelketen irakurketa antropologikoa eta bertsolarien arrazoitzeko modua izan ditu langai Antropologia Sozialean doktore Jexux Larrañagak tesian
"Bertsolariak, orokorrean, gizarte interpretatzaile oso onak dira". Horixe dio UPV/EHUn Antropologia Sozialean doktore den Jexux Larrañagak (Mendaro, Gipuzkoa, 1961). Egun, Donostiako Bigarren Hezkuntzako institutu batean ari da lanean, eta, horrez gain, ikertzaile bekadun bezala aritu da UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean. Bertan, Jolas sakona: txapelketaren prozesu errituala eta bertsolariaren arrazoi sortzailea XXI. mendeko agoran izeneko tesia egin zuen.
Ikerlan horretan oinarrituta, UEUren Uztaro aldizkarian ”Txapelketaren gertaera errituala: euskal kulturaren sinbolo giltzarria” artikulua argitaratu du. Txapelketaren izaera, alderdi sinbolikoak eta kulturalak ditu hizpide, baita euskal kulturak eta hizkuntzak ze eragin duen ere.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio